Amaiurreko diputatuaren arabera euskal gizartea "gogaitua" dago Espainiako gobernuaren jarrera "doilor" eta "ankerrarekin".



 

Eragindako mina onartuz, Ezker Abertzaleak, preso politikoek eta ETAk bera emandako urratsen aurrean, "indarkeriazko jarrera oldarkorrarekin segitzea" eta biktima batzuk gutxiestea leporatu dio Aristegik barne ministroari. "Akatsik handienak mendekuz egindakoak dira", esan dio diputatu subiranistak Jorge Fernandez Diazi.

Maite Aristegiren arabera euskal gizartea "gogaitua" dago erabat Espainiako gobernuaren jarrera "doilor" eta "ankerrarekin". "Noiz arte horrela?", galdetu du.

Jarraian, eta gobernuari erreferentzia eginez, Aristegik gogor kritikatu du eragindako mina onartu gabe eta gatazkan duen ardura bere gain hartu gabe zoru etikoaz, barkamenaz, erreparazioaz eta justiziaz hitz egitea. "Jarrera ezmoral hori ahultasun demokratikoaren seinale da", esan du.

Amaiurreko ordezkariak gogor gaitzetsi du ere bai gobernu espainiarrak Euskal Herrian aplikatzen duen "etsaiaren zuzenbidea" delakoa. "Noraino iritsi daiteke zuen ankerkeria?", galdetu du.

Euskal diputatuak Kriminologia Euskal Institutuaren azken txostenak dioena nabarmendu du. Besteak beste, GAL eta BVEen biktima batzuei laguntzak eteteko erabakia prebarikazioa izan daitekeela ohartarazten du txosten horrek.

Barne ministroak onartu egin du Aristegik aipaturiko biktimak besteekiko desberdinak direla. Denera, estatu terrorismoaren 46 biktimari eten dizkiete laguntzak, Jorge Fernandez Diazek berak esan duenez.

@ehbilducongreso