Alderdi erregionalistak Senatuko talde parlamentario mixtoak aste honetan bertan aurkeztu duen ekimenari beto jarri dio. Adierazpenak Nazio Batuen Erakundeari dei egiten dio MINURSOren eginkizuna handitu eta giza eskubideen ikuskaritza bere gain hartu dezan.

Amaiurrek proposaturiko ekimena da eta bi puntu jasotzen ditu. Lehenak MINURSOren eginkizunetako bat giza eskubideen ikuskaritza izan dadila proposatzen du. Izan ere, hile honetan bertan, apirilean alegia, erakunde horren eginkizuna berraztertuko dute Nazio Batuen Erakundean. Modu horretara, NBEk Autodeterminazio erreferenduma egiteko duten obligazioa beteko lukete eta era berean, nazioarteko zuzenbidea aplikatuz Mendebaldeko Sahararen gatazkari konponbidea eman.

UPNk ez beste talde mixtoko alderdi politiko guztiek babesturiko adierazpenaren bigarren puntuak proposamen hori Nazio Batuen segurtasun kontseiluko presidenteari eta Mendebaldeko Sahara Arabiarreko Errepublikari igortzeko eskaria luzatzen dio Senatuari.

Adierazpenak Marokok 1975az geroztik okupaturiko Mendebaldeko Saharako biztanleek bizi duten egoera zaila nabarmentzen du. Aitzitik, okupazio marokoarrari bide baketsuetatik aurre egiten dioten herritarren giza eskubideak behin eta berriz urratzen dituztela salatzen du.

Ekimen hau datorren astean zen bozkatzekoa baina UPNk betoa jarri dio.

@ehbilducongreso