Muñagorrirena ez ezik, barne ministroarena ere eskatuko du euskal koalizioak. Datorren asteazkeneko osoko bilkuran gainera, biktima guztiei ematen dien tratuaz galdetuko dio Amaiurrek Jorge Fernandez Diaz ministroari.

Amaiurrek EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunaren agerraldia idatziz eskatuko du bihar, astelehena, Espainiako Diputatuen kongresuan. Ignacio Muñagorrik esana du jada GAL eta BVEren biktima batzuei (aurretiaz ere biktima gisa onartuak izan direnean) laguntzak eteteko barne ministerioak hartutako erabakia prebarikazio delitua izan daitekeela.

Horrezaz gain, koalizio subiranistak Jorge Fernandez Diaz barne ministroaren agerraldia eskatuko du bigarrenez hamar eguneko epean erabaki horien zergatiaz azalpenak eman ditzan.

Era berean, datorren asteazkeneko Gobernuaren kontrol saioan Maite Aristegi Diputatuak, biktima guztiak gobernuarentzat lehentasuna diren ala ez galdetuko dio ahoz barne ministro espainiarrari.

Hain zuzen, Amaiurreko diputatuak gaur adierazi duenez, euskal koalizioaren helburua Espainiako gobernuak gatazkaren alde batekiko bere jarrera "anker" eta "krudela" salatzea da. Aristegik galdetu du ea nola den posible gobernuak zoru etikoaz, barkamenaz, erreparazioaz eta justiziaz hitz egitea aurretiaz gatazkan duen ardura eta sortutako mina onartu gabe.

@ehbilducongreso