Xabier Mikel Errekondok eta Onintza Enbeitak barne ministerioaren iragarpena kritikatu dute besteak beste, "biktimena oso gai delikatua delako" eta beraz, "ez delako forma egokia komunikatu batez iragarri dutena iragartzeko".

Barne ministeriotik iragarri duten "biktimen memorial zentroaren proiektua" dela eta, Onintza Enbeita eta Xabier Mikel Errekondok agerraldia eskaini dute gaur goizean.

Biek ala biek, adierazi dute "egia, justizia eta erreparazioa ehuneko ehunean nahi duela Amaiurrek". Enbeitaren arabera, hemen benetako bakerik eraikiko bada, inor ezin baztertua izan".

Diputatu subiranistaren arabera, barne ministerioak igorritako komunikatuak berak ere dioen bezala, azken hamarkadetako errelatoaren baitan kokatzen da memorial horren proiektua. "Espainiako gobernuak bere errelatoa inposatu nahi du, errelato partziala", esan du Enbeitak.

Bere hitzetan, "gauza asko ezkutatzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak. Angel Berrueta beraren kasua adibidez. Espainiako gobernuaren gezurren biktima den Angel Berroeta ez da gaur gaurkoz biktima gisa kontsideratzen. Eta estatu terrorismoaren biktimek laguntzarik ez jasotzeko erabaki politikoa ere hor dugu. Eta esaten ari garenaren beste adibide bat presoekiko politika tratu krudela da", esan du.

Josu Uribetxeberriaren kasua ere aipatu dute Errekondok eta Enbeitak. "Gaixotasun sendaezina eta egoera terminalean egonda ere deklaratzera deitu dute. Mendeku estrategia da Gobernua sustatzen ari dena. Eboluzio positiboa izan ordez, inboluzioa du ardatz Espainiako gobernuaren politikak. Lotsagarria eta onartezina", Amaiurreko diputatuen arabera.

Bukatu aurretik, bi diputatuek adierazi dute Espainiako gobernuak jakin behar duela "biktimen erabilpen alderdikoia onartezina dela erabat" eta Amaiurrek "ez duela horrelakorik onartuko". Are gehiago, "adostasun oinarriak zehaztu behar direla" nabarmendu dute biktimen gaia "ahalik eta kontsentsurik handienarekin jorratzeko". Biktima guztiak hartu behar dira kontuan", nabarmendu du Enbeitak.

@ehbilducongreso