Xabier Mikel Errekondok, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan adierazi du Amaiurrek ez duela Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiaren irudia eta beraz, delako trantsizioa goraipatuko duen adierazpen edo ekimenik babestuko.

Errekondok adierazi duenez, hildako orori legez, Adolfo Suarezi ere errespetua zor zaiola baina zehaztu du, Amaiurrek ezin duela Suarezek trantsizio garaian izan zuen ardurari buruzko irakurketa kritikoa saihestu. Are gehiago, bere heriotzaz Espainiako gobernuak egin duen erabilpena kontuan hartuz.

Bere ustez, delako trantsizioak oso ondorio latzak izan ditu Euskal Herrian eta gogoratu duenez, ukazioa eta inposizioa egunerokoak izan direla 1976az geroztik izan diren presidente guztien agintaldietan, baita Adolfo Suarezenean ere.

Horregatik, "Amaiur ez da Euskal Herria subjektu politiko gisa onartzen ez duen Espainiako edozein presidenteren zilegitasuna goraipatuko duen edozein jokotan sartuko", esan du Errekondok.

"Gure ikuspuntutik, Adolfo Suarez, Borboiko Juan Carlosekin batera, frankismoko printzipioen jarraipenaren arduradunetako bat da. Trantsiziorik ez zen izan beraz, armadak baldintzaturiko trantsizio faltsua izan zen", adierazi du Errekondok.

Ildo horretan, eta Kataluniako Parlamentuaren adierazpen subiranistaren aurka Epaitegi Konstituzionalak kaleraturiko ebazpena trantsizio haren gehigarri edo apendizea dela esan du Amaiurreko diputatuak

@ehbilducongreso