Amaiurrek Kataluniako Parlamentuaren ebazpen subiranistaren aurka Epaitegi Konstituzionalak kaleraturiko ebazpenaren aurkako jarrera irmoa azaldu nahi du. Era berean, euskal koalizioak bere elkartasunik beroena helarazi nahi die Kataluniako herritarrei.

Ildo beretik, bere etorkizuna erabaki dezakeen subjektu politiko eta juridiko bakarra Katalunia bera dela berresten dugu.

Naarmendu nahi dugu ere bai Epaitegi Konstituzionalaren ebazpena esparru politikoari dagokiola eta inolaz ere juridikoari. Hau da, ebazpen politiko baten aurrean gaude.

Zentzu horretan, uste dugu Epaitegi Konstituzionala ez dela nor Kataluniako gehiengo sozial eta politikoak hartutako erabakiak indarrik gabe uzteko. Ezta Euskal Herriko zein espainiar estatuaren baitan dauden beste nazioetako gehiengo sozial eta politikoek hartutako erabakiak indargabetzeko ere.

Ebazpen hau espainiar trantsizioa legez ezaguna denaz estatua egun hauetan egiten ari den gorazarre eta legitimazio kanpainaren baitan kokatzen dugu. Kontuan hartu behar da gainera, trantsizio hark herrien (Katalunia, Galizia eta Euskal Herria) erabakitze eskubidea ukatu zuela.

Ez Konstituzio espainiarrak, ez Epaitegi Konstituzionalak, ezta beste edozein estatu erakundek, ez dute Katalunia, Galizia eta Euskal Herriak, herritarren gehiengo batek horrela erabakiz gero, estatu burujabe bihurtzeko aukera eta eskubidea zapuztuko.

Eta bukatzeko, Amaiurrek dei egiten die Kataluniako gizarteari, hala nola Kataluniako Parlamentuko adierazpenaren alde agertu diren alderdi politiko guztiei, burujabetzaranzko bidai orriarekin jarrai dezaten.

@ehbilducongreso