Koalizio subiranistak hiru puntuko mozioa aurkeztu du Espainiako Diputatuen Kongresuan. Bertan besteak beste, "Nafarroako bizitza politiko eta instituzionalean muturrik sar ez dezan" galdegiten dio Espainiako gobernuari.

Sabino Cuadra diputatuak nabarmendu duenez, "Nafarroa da lurralde historiko legez ezagunak direnen artean bere erregimena herritarrek berretsi ez duten bakarra". "Espainiako gobernuak Nafarroako Parlamentuak onarturiko hamabi legeren aurkako helegitea aurkeztu du jada Epaitegi Konstituzionalean", esan du Cuadrak.

Mozioaren lehen puntuak, "alderdikeriaz zein gehiegikeriaz, Foru Parlamentuaren erabakien kontrako orotariko helegiteak jarriz, Nafarroako bizitza politiko eta instituzionalean eskurik sartu ez dezan galdegiten dio Espainiako gobernuari".

Bigarrenak, "Nafarroak, subjektu politikoa den heinean, behar dituen eskuduntza guztiak izan eta beraz, krisi ekonomiko, politiko eta sozialari aurre egiteko hartu beharreko erabakiak hartzeko duen eskubidea baieztatzea".

Eta hirugarrenak dio, "nafar herritarrek izan behar dutela, euren ordezkari politikoen bitartez, libre eta demokratikoki eta kanpo esku hartzerik gabe, Nafarroa bizi duen krisi instituzionala konponduko dutenak".

@ehbilducongreso