Sabino Cuadrak Nafarroari eta Nafarroako lege eta erabakiei errespetua adierazteko interpelazioa egin dio gau Espainiako gobernuari.

Bere hitzartzean diputatu subiranistak salatu duenez Nafarroa da Epaitegi konstituzionalak lege gehien atzera bota dituen lurraldea. Horregatik argi utzi nahi izan du: "atera itzazue zuen eskuak Nafarroatik eta utzi iezaguzue gure arazoak guk geuk konpontzen", esan die Espainiako gobernuko kideei.



Cuadrak Nafarroak bizi duen egoera politiko eta instituzionalaz ere hitz egin du eta gogoratu du nola joan den astean Mariano Rajoy presidenteak berak eta bere hainbat ministrok, "Nafarroa Espainiarentzat estrategikoa dela" onartu zuten.

Horregatik, eta PP zein PSOErengana zuzenduz, "Amejoramenduaren Nafarroa gainbehera doala" ohartarazi du.

Cristobal Montoro ogasun ministroa izan da Sabino Cuadrari erantzuteko ardura hartu duena.

Montorok PSNren jarrera defendatu eta Espainiako konstituzioa aldarrikatu du "Nafarroa foral eta espainiarra" defendatzeko. Era berean, Epaitegi Konstituzionaleko helegiteak justifikatu ditu nahiz eta helegite horien atzean erabaki politikorik ez dagoen esan.

Diputatu nafarrak erantzun egin dio eta esan du "Espainiako gobernutik behin eta berriz ari direla euskal otsoa datorrela esanez, eta jendeak euren atzamarrera begiratzen duen bitartean eurek artaldeko ardiak lapurtzen dituztela".

Datorren astean Nafarroako Parlamentuko hartutako erabaki eta legeei errespetua adierazteko mozioa aurkeztuko du Amaiurrek.



@ehbilducongreso