Nafarroako herritarrei eta erakundeei soilik dagozkien gaietan Espainiako gobernuaren etengabeko mutur sartzea dela eta, interpelazio urgentea aurkeztu du Amaiurrek Espainiako Diputatuen Kongresuan. Eztabaida datorren asteazkenean, martxoaren 19an, izango da.

Orain arte, hamabi dira Nafarroako Parlamentuak zilegitasun osoz hartutako erabakien aurka Espainiako gobernuak aurkeztu dituen helegiteak. Sabino Cuadraren arabera honek guztiak agerian uzten du Rajoyren gobernuak Nafarroako herritarrekiko eta erakundeekiko duen errespetu eza. "Nafarroa da Espainiako gobernuak helegite gehien aurkeztu duen erkidegoa", gogoratu du euskal diputatuak.

Cuadrak Nafarroak bizi duen krisi instituzional eta politikoa nabarmendu ditu eta esan du "ez Ferrazek, ez Genovak eta ez Moncloak, ez dutela nafarrek duten aldaketarako grina zapuztuko".

Ildo horretan, Madrilek etengabe Nafarroako gaietan muturra sartzen duela salatu du diputatu subiranistak. "Amejoramenduari buruzko galdeketarik ez da sekula egin eta geroztik Espainian izan diren gobernuek etengabe urratu dute Nafarroak duen burujabetza apurra".

Bi aste barru Nafarroak bizi duen egoerari buruzko mozioa aurkeztuko du Amaiurrek Espainiako Kongresuan.

@ehbilducongreso