Bihar “estatuaren egoeraari buruzko eztabaida” delakoa hasiko da Madrilen. Eta Amaiurrek Rajoyri igorriko dizkion mezuen ildo nagusiak azaldu nahi ditu. Testuinguru honetan Euskal Herrian ireki den bake eta normalizariorako prozesuari emango diogu lehentasuna. Hain zuzen, armak erabilpenik gabe uzteko ETAk hartu duen erabakiak bultzada handia eman dio prozesu horri.



 

Eztabaida beraz, testuinguru politiko eta ekonomikoa dela eta Alderdi Popularrak bere burua gainditua ikusi duenean emango da. Egoera honetan ahul, gaitasunik gabe eta ekimenik gabe ageri zaigu Espainiako gobernua. Ondorioz, hauek dira hegoaldeko euskal herritarrok aurrean dugun Estatuaren ezaugarriak:

  • Inboluzio demokratikoa.
  • Lurralde egituraren etorkizuna nondik norakoa izango den argi ez dagoena.
  • Ustelkeria.
  • Langabezia eta pobrezia tasa onartezinak.
  • Troikaren aginduetara dagoena.

Laburbilduz, noraezean dagoen gobernua baten aurrean gaude, zalantzaz beterikoa, baliabiderik gabea eta inposizioa eta ukazioa bere nortasunaren ezaugarri nagusiak egin dituena. Zoritxarrez, hori da gure herriaren etorkizunerako hain une garrantzitsua den une honetan euskal herritarroi egokitu zaigun gobernua.

Euskal Herria

Euskal Herrian ireki den agertokiari dagokionez, Alderdi popularra inmobilismoan eta blokeoan iltzatu da. Ostrukaren politika egiten du; burua ezkutatu ezer gertatu izan ez balitz bezala. Dagozkion ardurak hartzeari beldur dio Espainiako gobernuak. Kutxu mediatiko handiko kolpeak jotzen baino ez daki, modu horretan, jarrera indartsuaren irudia eman nahirik. Baina horixe, irudia baino ez da. Agian, Ebrotik hegoaldera baliagarri izango zaio diskurtso hori (ikusteke dago noiz arte), baina hemen, Euskal Herrian, gizartearen gehiengo zabal batek ez du bat egiten garaitu eta garaileen diskurtso horrekin.

Boterera heldu zenetik, ilusioa eta itxaropena piztu dituen bake prozesua zapuzten ahalegindu da Mariano Rajoy. Estrasburgoko epaiari erantzuna batetik, eta joan den ostiraleko albisteari emandakoa bestetik, hori guztiaren adibide argiak dira. Kasketa horiek jarrera infantil bat utzi dute agerian.

Su etena aldarrikatu zuenetik, ETAk aldebakarreko urrats garrantzitsuak eman ditu gatazka eta gatazkaren ondorioak gainditzeko asmo irmoa erakutsiz. Joan den ostiraleko keinua, norabide berean doan beste urrats bat da.

Eta espainiar gobernuak, beste behin ere, arduraz eta heldutasunez jokatu eta egoerak eskatzen duen mailara egoteko aukera berria izan du. Bai gizartearen zein nazioarteko komunitatearen aurrean.

Eta zer egin eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Audientzia Nazionalera deklaratzera deitu dituzte agintari espainiarrek. Esperpentikoa erabat. Lotsagarria. Nazioarteko komunitatearen aurrean barregarri utzi du bere burua espainiar estatuak. Baina gauza bat argi izan dezala Estatuak: atzaparkadak eman arren ez du prozesuaren agenda ezartzea lortuko.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak esan du. ETAk hartutako erabakia atzeraezina da. Hori bai, argi utzi dute bi armagabetzeari dagokionean estatuen parte hartzea beharrezkoa dela.

Beraz, egoera honen aurrean, burua lur azpitik atera dezala esango diogu Rajoyri, aitzakien atzean ezin ezkutatu daitekeela esango diogu eta gobernu burua den heinean dagokion ardura har dezala esango diogu.

Gerra estrategiak atzean utzi eta bake klabean jartzeko unea du estatuak. Giza eskubideak urratzeari uzteko garaia da. Salbuespen politikak Albo batera uzteko ordua da. Irtenbideak proposatzeko unea da.

Hori bai. Ez diogula itxarongo ere esango diogu. Ez berari, ezta bere gobernuari ere. Hemen, Euskal Herrian, gizarteak badaki nortzuk ematen dioten bizkarra konponbideari. bizkarra ematen diotenak nortzuk diren. Hori ere esango diogu.

Gero eta gehiago dira bakearekin konpromisoa adierazten ari diren herritarrak zein eragile politiko eta sozialak. Hori da gure herrian jarraitu behar dugun bidea. Eta horrela adieraziko diogu Rajoy jaunari.

@ehbilducongreso