Koalizio subiranistak zentral nuklearraren segurtasunari buruzko bi txosten eskatu ditu



Xabier Mikel Errekondo diputatuaren sutez Espainiako gobernuaren jarrera erabat arduragabea eta axolagabea da Garoñako zentral nuklearra berriz ere irekitzeko publikoki agertu duen asmoagatik. Bere esanetan zentral berriz irekitzeak "benetako lehergailu nuklear bat martxan jartzea" esan nahi du eta beraz, milaka pertsonen bizitza arriskuan jartzea.

Amaiurreko diputatuaren arabera Garoñako zentral nuklearra "ez da inolaz ere beharrezkoa". Gogoratu duenez zentral nuklearrak 640 MWko energia sortzen du espainiar estatuaren gaitasuna 100.000 MWkoa denean. Gainera, bere hitzetan, energia berriztagarrientzat oztopoa baino ez da Garoña eta are gehiago, "gezurra" da merkea denik besteak beste zentrala desegiteko kostuak eta hondakin erradiaktiboen tratamendurako kostuak ez direlako kontuan hartzen.

Euskal diputatuak Fukushimako ezbeharra gogoratu du eta nabarmendu duenez Garoñako erreaktorea Japoniako zentralarenaren bikia da.

Errekondok Garoñako zentral nuklearraren segurtasunari buruzko bi txosten eskatu dizkie Hondakinen Enpresa Nazionalari (ENRESA) eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari (CSN), hurrenez hurren.

Era berean, Amaiurrek Jose Manuel Soria Industria eta Energia ministroaren berehalako agerraldia eskatu du gaurko Diputazio Iraunkorrean Garoñari buruzko bere egitasmoak publikoki azaldu ditzan.

@ehbilducongreso