Ohikoa den bezala, ezer gutxi argitu du Espainiako presidenteak abenduaren 19 eta 20an egin zen Europako Kontseiluan eztabaidatu zenaz. Eta hori da hitz gutxitan, Rafa Larreina diputatuak Rajoyri aurpegiratu diona. "Nik errealitateaz hitz egingo dizut nahiz eta titula bat edo beste hondatu", esan du euskal diputatuak.

Lehenik eta behin, Larreinak Europako Batasunaren noraeza kritikatu du herritarren eskubideei dagokionean. "Merkatuei begiratu eta herritarrez ahazten da Batasuna", esan du diputatu subiranistak. Ildo horretan, Europako Kontseiluaren azken bileran defentsa kontuez soilik hitz egin izana salatu du. Bere esanetan interbentzio militar eta arma industriaren babesaz hitz egin izanak agerian uzten du Europako Batasunaren sortze printzipioei egin zaien "traizioa".



Bere ustez, "benetan" egonkortasun soziala eta segurtasuna mehatxatzen dituena espekulazio politikak sorturiko herritarren arteko desberdintasunak dira, eta hori, bere esanetan, EBren beste porrot bat da.

Gobernuak egiteke duen puntu garrantzitsu bat

Larreinak bestelako gaiak ukitzeko probestu du Rajoyren agerraldia eta PPren gobernuak egiteke eta gainditzeke duen gai garrantzitsu batez aritu da. Hain zuzen, "Europa mendebaldeko azken gatazka armatuari" bukaera emateko urratsak eman ditzala eskatu dio Espainiako presidenteari.

Are gehiago, Larreinak Alderdi Popularrari eta Alderdi sozialistari leporatu die alderdi politikoen ilegalizazioa bultzatuz egungo egoera bost urtez atzeratu izana.

@ehbilducongreso