Xabier Mikel Errekondoren arabera azken polizia operazioarekin estatuak argi utzi du zein den euskal gizarteari egiten dion eskaintza bakarra: "atxiloketak, espetxeratzeak eta ilegalizazio mehatxuak". Bere ustez horrek guztiak agerian uzten du iraganera iltzaturik segitzen duela estatuak eta gehitu duenez, euskal gizartea ez dator bat jarrera horrekin.

Ildo horretan, joan den larunbatean Bilboko kaleetan egin zen manifestazioa, eraso "zakar" horri euskal gizarteak emaniko erantzun tinkoa izan zela iritzi dio Errekondok. "Manifestazioaren arrakasta nabarmendu nahi dugu. Giza eskubide guztien aldeko urrats garrantzitsua izan zen", esan du.

Bere ustez manifestazioak inflexio puntua izan behar du eta gehitu duenez, hemendik aurrera "eduki praktikoz eta konpartitutako konpromisoz bete behar dugu bake prozesuak aurrerantz egin dezan".

Errekondok Rafa Larreina eta Jon Inarritu diputatuekin batera Espainiako Diputatuen Kongresuan eskainitako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok.

Hain zuzen, Larreinak adierazi du espainiar estatuak eta bere botere faktikoek "ez diotela ekarpen positiborik egin gure herrian irekitako egoera berriari". Are gehiago, euskal diputatuaren arabera, egoera berria behin eta berriz "saboteatzen ahalegindu dira".

Bere iritziz, "bakearen etsaiek gatazka eta indarkeria egoera luzatu nahi dute Euskal Herrian" eta gehitu du "ez dutela lortuko". Bere hitzetan, "Alderdi Popularrak beldur handia dio eztabaida politikoari jakin baitaki esparru horretan oso ahula dela".

Bukatu aurretik, Larreinak adierazi du espainiar estatutik "inposizioa, ukazioa eta askatasun murrizketak besterik ezin direla espero". Horregatik, esan du, gizarteari dagokio bere kabuz demokrazia eta bakerantz abiatzea.

Jon Inarrituk, bestalde, EPPKren aurkako sarekadan atxiloturiko zortzi pertsonen espetxeratzea gaitzetsi du. "Pertsona horiek guztiak bakearen alde lan egin dute", esan du.

@ehbilducongreso