Legegintzaldiaren erdira heldu gara eta hiru berbatan labur genezake Alderdi Popularraren Gobernuaren jarduna: iraganera itzulera, ukazioak eta inposaketa.

Iraganera itzulera honek Estatuaren krisiaren hiru ardatzei eragiten die: sozioekonomiari, politikari eta lurraldetasunari.



Atzerako prozesu hau ez da koiunturala; aitzitik, urte bi hauetan onartutako legeak ongizate estatua deuseztatu eta botere ekonomikoak indartu nahi dituen kontraerreforma orokorraren barruan daude. Asmoa ekonomia espekulatzailea indartzea eta Estatua zentralizatzea da.

Espainiako estatuak demokraziara egin beharreko trantsizioa oraindik egin gabe dago, eta indar faktikoek kontrola izaten jarraitzen dute gizarte eskubideen, askatasun publikoen eta nazio historikoen eskubideen gainean. Ondorioz, gero eta mugatuago daude eskubide eta askatasunok.

PPk Gobernuan eman dituen urte bi hauetan sozioekonomian eta gizartean oinarritutako erreformak egin ditu: finantzen erreforma, lan erreforma, hezkuntza legea, pentsioen erreforma, Udal administrazioen erreforma... eta hauek lege guztiak aurrekontuen orekarako legearen aterkipean onartu ditu.

Legegintzaldiaren bigarren erdia hasten da orain, eta eskubide demokratiko eta zibilen ukazioan oinarrituko dela dirudi. Izan ere, 2013ko azken asteetan, Espainiako gobernuak datozen urteetarako dituen asmoak jakin ditugu: zigor kodearen erreforma, hiritarren segurtasunerako legea, segurtasun pribatuaren gaineko legea eta abortoaren legea. Guztiak ere askatasuna gutxitu eta errepresioa indartzeko legeak dira.

Alderdi Popularrak bultzatzen dituen politika neoliberal eta ultrakontserbatzaileek erakutsi digute, batez ere euskal gizarteari, gizartearen kontrako Estatua eraikitzen ari direla iraganeko kultura frankistan iltzatuta. Gainera, euskal gizarteak frogatu egin du bere etorkizunak ez duela lekurik aintzat hartzen ez duen Estatu baten barruan; izan ere, gizartearen gehiengoak zein gehiengo sindikal eta politikoak diotenaren kontrako legeak inposatzen dizkio.

Espainiako Gobernuak behin eta berriro mespretxatu du euskal gizarteak kalean zein instituzioetan agertutako borondatea. PPk Hego Euskal Herriko instituzioek hartutako erabakiak bertan behera utzi ditu (Nafarroako Gobernuarenak, Gipuzkoako Aldundiarenak, Udalenak...). Non ahaztu dute euskal jendartearen hitzari eta erabakiari zor zaion errespetua?

Kontestu honi erreparatuta, Amaiurreko kideok gero eta beharrezkoago ikusten dugu Euskal Herriak estatuarekiko harremanetarako marko berriak eraiki beharra.

Ez dezagun, baina, geure burua engainatu. Noizbehinkako laguntzaren truke transferentziak, oreka instituzionala edo alderdiarentzako pribilegioak eskuratzearen estrategia nabarmen gelditu da. Nahi duten bezala makilatuko digute jokaldia, baina euskal instituzioen burujabetza gero eta gehiago mugatu nahi duten legeen aurrean, Espainiako gobernuari Estatutua bete dezala eskatzea frakaso handia da. Gobernua ez dago Estatutua betetzeko bidean jarria, euskal instituzioen burujabetza gero eta gehiago murrizteko asmotan baino.

Euskal Herrian orain bi urte irekitako prozesuari dagokionez, berriro ere salatu behar dugu Espainiako Gobernua ardura gabe jokatzen ari dela euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapenen aurrean. Rajoyren Gobernua ematen ari den erantzuna atzera pausoa da.

PPren jarrera hau ulertezina da. Nazioarteko esparruetan ere harridura eta kezka sortu du Gobernuaren jarduerak. Azken batean, iragana gainditzeko eta bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko ahaleginean ari da euskal jendartea, eta Rajoyren Gobernuak saboteatu egiten du ahalegin hori.

Azken batean, Espainiako Estatua eskubideak eta askatasunak txikitzen ari da printzipio ekonomiko neoliberalen eta Frankismo beltzenetik herentzian hartutako moral faltsuaren defentsan. Moral horrek ustelkeriaren iraupena ahalbidetzen du, eta aukera berdintasuna ezinezko egiten du. Errealitate horren aurrean gure herriari aukera bakarra gelditzen zaio: gure bidea egitea. Espainiako Estatuaren gabezia demokratikoak inoiz baino bistakoagoak dira.

Gaur inoiz baino garbiago daukagu Euskal Herriak bere bidea egin behar duela gatazkaren konponbidea, erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herria bere erabakien jabe izango den marko politikoa gauzatzeko.

Amaiurrek jarraituko du Madrilen politika ekonomiko, sozial eta kultural lotsagabe hauek salatzen, eta PPren Gobernuari mezu zuzena eramaten: Espainiako Gobernuak Euskal Herriak erabakitzen duena errespetatu behar du.

@ehbilducongreso