Koalizio subiranista Espainiako Diputatuen Kongresuan gaur onartu diren zazpi lege-proiektuen kontra agertu da. Amaiurren ustez, lege horiek guztiak kaltegarriak dira Euskal Herriarentzat, beste arrazoi batzuen artean gure burujabetza nabarmenki ahultzen dutelako.

Gainera, tribunatik hitz egin duten lau diputatuek gaur onartu diren lege eta erreforma guztien izaera antisoziala, neoliberala eta birzentralizatzailea salatu dute.

Sektore Elektrikoari buruzko lege-proiektua



Xabier Mikel Errekondok adierazi duenez, tarifa-defizita ez da gaitz guztien jatorria, espainiar Gobernuak "sinestarazi nahi digun bezala", baizik eta "Gobernu honetan hain ugariak diren gaitz eta gaizto" guztien ondorioa.

Haren iritziz, sektore elektrikoari buruzko lege berri hau artifizialki iraunarazten duten "minbizi" bat da, eta helburua elektrizitatearen arloko "handiki" eta "gangster" banaka batzuen mesederako neurriak gauzatzea da, herritarrei oso kalte larria ekarriz.

Halaber, euskal diputatuak energia berriztagarriak heriotzara kondenatzea eta energia fosilekiko menpekotasuna betikotzea leporatu dio PPri. "Energia-eredu hau ezin iraunezkoa da ekonomiaren nahiz ingurumenaren ikuspegitik", adierazi du.

Pentsio Sistemari buruzko lege-proiektua



Sabino Cuadrak ohartarazi du bankuetako eta aseguru-konpainietako "sai" guztiak pentsio-lege berriaren inguruan hegan dabiltzala, "harrapakinaren gainera oldartzeko prest".

Ildo horretan, diputatu subiranistak enpresetan pentsio-plan pribatuak sustatzea eta, horrela, Gizarte Segurantza bankuen eta aseguru-etxe pribatuen mesedetan "husten" jarraitzea leporatu dio Alderdi Popularrari.

Hala ere, Cuadrak adierazi duenez, bankuei oparitutako "pastel erraldoi" hori ez da horretan bukatuko. Izan ere, egin nahi duten zerga-erreformarekin batera pentsio-plan pribatuetarako diru-laguntzak eta bestelako onurak ere etorriko dira.

Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko lege-proiektua



Rafa Larreinak adierazi duenez, Estatuaren Aurrekontu Orokorrek berretsi egiten dute Espainiar Estatuak enpresa handientzako paradisu fiskala izaten jarraitzen duela. Eta, nabarmendu duen bezala, horrela ezin da krisitik irten.

Gainera, haren iritziz, aurrekontuek ez diete erantzunik ematen Espainiar Estatuaren beharrei eta arazo nagusiei. Eta, Euskal Herriari dagokionez, Larreinak azpimarratu du Estatuaren Aurrekontu Orokorrek ez dutela inola ere kontuan hartzen gure errealitate sozial, ekonomiko eta kulturala.

Azkenik, euskal diputatuak salatu du Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua Senatutik pasatzean 21 lege aldatu direla, eztabaidatzeko aukerarik eman gabe. "PPk ez du bere parlamentua bera ere errespetatzen", adierazi du.

Aurrezki kutxa eta banku fundazioen lege-proiektua



Larreinaren arabera, lege honek behin betiko desagerraraziko ditu zerbitzu eta kontrol sozialeko finantza entitateak diren aurrezki kutxak. Halaber, gaur triste egoteko moduko eguna dela esan du pertsona, familia eta enpresa txiki eta ertainen eguneroko arazoak konpontzeko tresna garrantzitsu bat kenduko diotelako gizarteari.

Era berean, Larreinak PNVk Kutxabanken sorrreran eta UPNk eta PPk Nafarroako Aurrezki Kutxaren desagerpenean izan zuten jarrera eta erantzukizuna salatu du.

Tokiko administrazioen iraunkortasuna bermatzeko lege-proiektua



Onintza Enbeita diputatuak ere gaurkoa demokraziarentzat egun tristea dela esan du. Izan ere, ehunka udal eskumenik gabe geratuko dira. Bere esanetan, gaurtik aurrera erabakitzeko ahalmenik geratuko dira udalak eta are gehiago, ezin izango diete herritarren behar izanei ezin erantzun. Azkenik, Enbeitak berak salatu duenez, lege honek udal zerbitzuen erabateko pribatizazioa ekarriko du.

PPk eta EAJk gai honetan lortutako akordioari dagokionez, diputatu subiranistak esan du, jeltzaleak "makillatzen" ahalegindu diren arren lege hau Euskal Herrian ere aplikatuko dela.

@ehbilducongreso