Herritarren arreta desbideratzeko helburuarekin manipulazio eta intoxikazio mediatikoa egitea leporatu dio koalizio subiranistak espainiar Gobernuari. Sabino Cuadra diputatuak salatu duenez, Rajoyren gobernuak ETAri buruzko mamuak asmatu behar ditu bere jarrera errepresiboari eutsi ahal izateko.

Diputatu subiranistak Espainiako Barne ministroaren aurrean salatu duenez, txostena egitearen eta filtratzearen helburua bikoitza izan da. Batetik, Nafarroan D eredua "azpikeriaz" kriminalizatzea, noiz eta gurasoak seme-alabak irakasteredu batean edo bestean matrikulatzeko hautua egiten ari diren garaian. Bestetik, "manipulazio eta intoxikazio" mediatikoa egitea gizartearen arreta LOMCEtik eta hezkuntzaren arloko murrizketetatik desbideratzeko, herritarren gehiengoak inposiziotzat jotzen baititu.



Halaber, Cuadrak Barne ministroari gogorarazi dio Nafarroako Gobernua izan dela oposizioak ontzat eman dituena, epaimahaiak izendatu dituena eta Guardia Zibilak ikertutako irakasle guztiak kontratatzeko eta lanpostua emateko baremoak ezarri dituena. "Irakasleak kontratatu dituena ez da ETA izan, ezta ezker abertzalea ere, UPNren Gobernua izan da".

Ildo horretan, Cuadrak honakoa adierazi du: "Hezkuntzan egon diren infiltratu bakarrak garai bateko "Formación del Espíritu Nacional" ikasgaiaren ehunka irakasleak eta Falangeko "Sección Femeninako Pepitak eta Puritak" izan dira, eta, gaur egun, artzapezpikuak berak izendatutako erlijio irakasleak".

Diputatu subiranistak "Mortadelo eta Filemon benemeritoak" deitu die UPNk aipatutako txostena egin eta filtratu duten guardia zibilei. Besteak beste, Cuadrak nabarmendu du Nafarroan LAB sindikatua lehen indar sindikala dela bai Hezkuntzan eta bai administrazio guztian. "Gobernu honek duenaren pareko buru frankista batek soilik nahas ditzake babes sindikal demokratikoa eta infiltrazioa", adierazi du Cuadrak.

Gainera, euskal diputatuak gaur egungo egoera 1936koarekin alderatu du. Gogora ekarri du nola, garai hartan, faxismo kolpistak errepresalia gogorrak hartu zituen Nafarroako 293 irakasle eta maisu-maistraren kontra (haietako 31 fusilatu egin zituen). Cuadrak salatu duenez, hirurogeita hamazazpi urte geroago, poliziak D ereduko 1.600 irakasleri baino gehiagori buruz egindako txostenak erregimen frankistaren kontrakoen zerrenda beltzak gogoratzen dizkigu.

ETAk markatutako eztabaida

Espero izatekoa zen bezala, Barne ministroaren diskurtsoa Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko beste eztabaida batzuetan erabili duen berdina izan da. Fernandez Diazek bere adierazpenak zuzentzeko eta Guardia Zibilari nahiz Polizia Nazionalari begirunea agertzeko exijitu dio Cuadrari. Diputatu subiranistek txistetzat hartu dute eskaera hori. Berriro ere, Jorge Fernandez Diaz betiko kalakan tematu da: ETA gaitzestea eta desegiteko exijitzea.

Bere aldetik, Sabino Cuadrak kritikatu du Rajoyk ez duela "ezertxo ere" ikasi Hegoafrikara egin berri duen bidaian. Ildo horretan, urrats bat aurrera egiteko aholkatu dio espainiar Gobernuari, bere garaian Nelson Mandelak eta Frederik de Klerkek egin zuten bezala eta orain Antonio Santos eta Ivan Marquez kolonbiarrak egiten ari diren moduan.

Bere hitzaldia bukatu aurretik, Cuadrak Nafarroan "zikin" jokatzeari uzteko eskatu dio Barne ministroari.



@ehbilducongreso