Joan den azaroaren 15ean Nafarroako Lurralde Epaitegiak kaleratu zuen ebazpenaren bidez Sabino Cuadra diputatuak jarri zuen helegitea onartu zuen. Iruñeako instrukzioko bigarren epaitegiak Amaiurreko diputatua kolpatu zuen poliziaren aurkako salaketa artxibatzeko erabakiaren aurkako helegitea da Lurralde Epaitegiak ontzat eman duena.

Esan bezala, auzi hau 2012ko irailaren 26ko greba orokorrean Sabino Cuadra behin eta berriz kolpatu zuen poliziaren aurka diputatuak berak jarri zuen salaketarekin lotua dago. Poliziaren jarrera hura autoritatearen aurkako balizko delitu gisa salatu zuen Cuadrak kode penalaren 550 eta 551 artikuluetan oinarrituz.

Lurralde Epaitegiak kaleratu duen ebazpenaren arabera "ez da probatutzat jo salatzaileak erresistentzia nahikorik egin zuenik poliziaren indarkeria justifika zezakeenik". Arrazoi horregatik, Lurralde Epaitegiak atzera bota du auzia bertan behera uzten zuen ebazpen judiziala eta instrukzio epaitegiari ikerketekin jarraitzeko agindua eman dio.

Amaiurrek bere poztasuna agertu nahi du Lurralde Epaitegiak hartu duen erabakiarekin. Era berean, koalizio subiranistak polizia espainiarraren gehiegikeriak inpunitaterik gabe geratzeko bere itxaropena agertu nahi du. Izan ere, Euskal Herrian Espainiako polizia eta Guardia Zibila inpunitate osoz aritu eta aritzen dira manifestazio, elkarretaratze eta greba ororen aurka. Eta horrek guztiak, bukatu beharra dauka.

@ehbilducongreso