Info 7 Irratiari eskainitako elkarrizketan, Sabino Cuadra diputatuak adierazi du "berrindartuta bueltatuko direla Euskal Herrira". Bere esanetan, urrats garrantzitsua da frankismoaren kontrako salaketaren bultzatzaileek Argentinara egin duten bidaia. "Egia, justizia eta erreparazioaren bidean urrats handia eman dugu", esan du Cuadrak.

{audio}http://www.info7.com/wp-content/uploads/2013/12/20131205_33781.mp3{/audio}

Hain zuzen, Maria Servini epailearen aurretik ari dira egun hauetan frankismoaren hainbat biktima deklaratzen. Cuadraren arabera, "oso harrera ona" izan dute epailearen aldetik zein Argentinako erakundeetatik, oro har. "Espainiar gobernuak oztopoak baino ez dizkie jarri frankismoaren erantzukizuna argitzeko kanpainako kideei", salatu du diputatu subiranistak.

Ildo horretan, 1977ko amnistiaren legea gogor kritikatu du Cuadrak. Bere esanetan, lege hura frankismoko arduradun politikoen erantzukizunak "ez argitzeko" egina zegoen.

Etorkizunari begira, gaur Espainiako audientzia nazionalera agertu diren ustezko torturatzaileez gain, José Utrera Molina, Martín Villa eta Fernando Suarez arduradun frankista ohiak ere inputatuak izateko itxaropena agertu du euskal diputatuak.

Gaur, ESMA, diktadura garaian tortura zentrorik handiena zen mekanika eskolara bisita egingo dute Euskal Herritik joandako ordezkariek eta iluntzean, frankismoari eta egungo egoera politikoari buruz Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean egingo den mahai inguruan hartuko du parte Sabino Cuadrak.

@ehbilducongreso