"Ez duzu ezer egin". Horrela laburbildu du Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak, Euskal Herrian hasitako normalizazio politikorako prozesuari, Rajoyren Gobernuak bi urte hauetan egindako ekarpena.

Errekondok gogorarazi egin dio Rajoyri Hego Amerikako hamalau presidente ohiek bake prozesuari emandako atxikimendua: "euskal gizartearen moduan, nazioarteko eragileak ere, momentu historikoa bizi dugula ulertu egin du; benetako bakea eskuratzeko aukera paregabea dugu". Hala mintzatu da diputatua, eta gaineratu du, "aitzakiek ez dutela balio ezer ez egiteko".



 

Gainera, Amaiurreko kideak Sevilla II espetxeko presoek bizi duten egoera "larria eta jasangaitza" salatu du. Kartzela hori Espainiar Estatuko "Abu Ghraib edo Guantanamo" dela esan du. Bertan preso dauzkaten euskal preso politikoek 31 egun daramatzate gose greban oinarrizko eskubideen bete diezazkietela eskatzeko.

Bere interbentzioa amaitzeko, Errekondok aholkua eman dio Rajoyri: "askatu zaitez zure agintariengandik, txotxongiloa bazina legez erabiltzen zaituzte eta. Atzerantz doazenen aurrean, ezetza legetzat dutenen aurrean, erreakzionarioen kontra, frankisten kontra errebelatu zaitez, Rajoy Jauna!".

@ehbilducongreso