Amaiurrek Soraya Saenz de Santamaria Espainiako gobernuko presidenteordearen agerraldia eskatu du batzorde konstituzionalean, zerbitzu sekretuek (CNI) alderdi politiko abertzaleak zelatatzen dituen ala ez azaldu dezan.

Kongresuan bertan kazetariei eginiko adierazpenetan, Larreinak esan du Saenz de Santamariak "hitzez hitz" azaldu behar duela, ez soilik Amerikako estatu Batuek espainiar estatua zelatatu duten ala ez, gobernuak berak alderdi politiko abertzaleen aurkako espioitza eta entzuketak ezagutzen dituen ere bai. Gogora dezagun, joan den igandean, azaroaren hiruan "El Pais" egunkariak argitaratu zuen informazioaren arabera CNIk etengabe zelatatzen dituela alderdi abertzaleak.

Bere ustez ikuspuntu demokratiko batetik "nazkagarria" eta "onartezina" da horrelako gertakariak izatea (espioitza), besteak beste, "parte hartze eta ekimen politikoaren eskubidearen aurkako jarduna delako".

Larreinaren arabera, "ez dauka zentzurik Gobernuak CNIren bitartez legezkoak diren alderdi politikoak zelatatzeko dirua eta orotariko baliabideak bideratzea" eta "ustelkeria bezalako gertaera nazkagarriei kasurik ez egitea".

Auzi honi buruzko idatzizko galderak egin ditu ere bai Amaiurrek.

@ehbilducongreso