Espainiar estatuan gertatu eta gertatzen diren tortura kasuei buruzko 35 minutuko eztabaida izan da diputatuen kongresuan. Amaiurrek, Onintza Enbeitaren bitartez, mahai gainean jarri du gaia eta diputatu subiranistak argi utzi du: "Guardia Zibilak eta Espainiako poliziak torturatu egiten dute eta estatuak babesa ematen die".

Enbeitak pertsona guztientzako giza eskubideen aldeko defentsa eginez hasi du bere hitzaldia. Segidan, euskal diputatuak esan du tortura tabua dela espainiar estatuan eta ez soilik PPrentzat, baita UCD eta PSOErentzat ere. Ildo horretan, tortura "trantsizioa izan zen gezurraren adibide argia" dela adierazi du.



Enbeitaren arabera Espainiako gobernuarentzat demokrazia garaile eta garaituen eskeman oinarritzen da, baina zehaztu duenez eskema horrek ez bazuen 1939an balio izan, gaur ere ez duela balioko. "Guantanamo gehiegi dago demokrazia espainiarrean", esan du.

Inkomunikazioa

Diputatu abertzaleak Nazio Batuen Erakundeak, Amnistia Internazionalek eta Tortura saihesteko Europako Batzordearen Kontseiluak kaleraturiko ebazpenak gogorarazi dizkio barne ministroari.

Bide horretan, Theo Van Boven Giza Eskubideen Nazio Batuetako Arduradun Nagusiari Espainiako gobernuak eman zion tratua nabarmendu du onintza Enbeitak.

Bere esanetan "inkomunikazioak tortura errazten du" eta "gobernuak badaki". Nabarmendu duen bestea, "Espainiako gobernu batek ere ez duela ezertxo ere egin tortura saihesteko". "Zuentzak torturarik ez da existitzen, atxilotuek euren buruari eginiko lesioak baino ez dira", esan du.

"Oso latza izan da"

Enbeitak azken urteetako tortura kasurik ezagunenak aipatu ditu: Mikel zabaltza, Unai Romano, Joxe Arregi, Anparo Arangoa, Igor Portu, Mattin Sarasola, Nekane Txapartegi, Amaia Urizar, Esteban Muruetagoiena, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsororen kasuak bestak beste.

Arregiri dagokionez, hil aurreko bere azken hitzak esan ditu Enbeitak: "Oso latza izan da".

Bere interbentzioa bukatu aurretik, tortura errealitatea izan dadin Espainiako gobernuek egin ahal guztiak egin dituztela salatu du diputatu abertzaleak. Eta ministroari eman dion erantzunean aldiz, "Guardia Zibila, polizia espainiarra eta ejerzitoa batu eta Euskal Herritik atera ditzala" eskatu dio Enbeitak Fernandez Diaz ministroari.



@ehbilducongreso