Berriro ere, EAJk eta PPk hainbat urrats hitzartu dituzte Funtzio Soziala duen finantza sistema publiko bat desagerrarazteko, euskal kutxak eta Kutxabank alegia. Orain, akzioen parte bat saldu nahi dute, akziodun berriei ateak irekiz. Horrela, are gehiago baldintzatu ahal izango da pertsonen eta gure industriaren zerbitzurako finantza sistema batek Euskal Herriko ekonomiarentzat izan beharko lukeen benetako zentzua.

EAJk eta PPk aspaldi hartu dute bide hori. Alde batetik, Euskal Herritik Espainiara eramaten dute dirua, finantzen eta higiezinen merkatuan espekulatzeko; horrekin batera, bizkarra ematen diete gure herrian laguntza behar dutenei. Adibideak oso ugariak dira eta, zoritxarrez, euskal herritar guztiok ordaintzen ari gara EAJko, UPNko eta PPko zuzendariek –PSOErekin adostasunarekin orain- euskal kutxetan aurrera eraman duten espekulazio politikaren ondorioak. Hala, esaterako, ez zuten ezertxo ere egin Corrugados Azpeitiaren itxiera eragozteko enpresa horrek finantziazioa behar izan zuenean. Orain, "SAREB" PPren banku txarrari jartzen ez dizkioten baldintzak ezartzen dizkiote Fagorri (mila milioiko kreditua eman diote banku horri). Azkenik, beste adibide askoren artean, dirutza bideratzen dute Kordobako CajaSurrera, baina kreditua eskatzen duten Euskal Herriko enpresa eta partikularrei ez diete ezertxo ere ematen.



PP eta EAJren arteko itun horrek euskal kutxen Gizarte Ekintza salbatuko duela diote, baina gezur biribila da. Jar ditzagun adibide batzuk: Kutxabankek 585 milioiren hornidurak egin zituen iaz, eta horren ondorioz 175 milioi inguru gutxiago iritsi ziren aurrezki kutxen Gizarte Ekintzara (Gizarte Ekintzara doan etekinen % 30a kontuan izanik). Urte honetako lehen sei hilabeteetan egindako 260 milioiren hornidurekin, Gizarte Ekintzara joan ahalko ziren beste 78 milioi hornidura horietara desbideratuko dira, haien xedea zein izango den azaldu gabe. Espekulazio operazioak?, higiezinen burbuila?...

 

EAJk bide-orri bat marraztu du oso egoera txarrean dagoen euskal finantza sistema espainiartzeko, jabetza publiko oro kenduz, eta orain egindako urratsa ildo horren barnean soilik uler daiteke. EAJren erreferentzia ia bakarra BBVAren eta jatorria Euskal Herrian duten baina azkenean Espainiako finantza espekulatzaileen kontrolpean jarri diren beste finantza erakunde batzuen bide-orria da.

Mario Fernandezen eskutik EAJk kutxen gizarte ekintza salbatu duela dioen albistea gezur hutsa da, Euskal Herriaren interesen kontra zuzen-zuzen doan eta jakinaren gainean hartu den erabaki baten benetako ondorioak ezkutatu nahi dituen ke lainoa. Kutxen benetako gizarte ekintzak lagundu egin behar du enplegua sortzen, ekonomia produktiboa sustatzen, ekonomia soziala bultzatzen eta arazo sozialak konpontzen (hala nola, etxebizitzara eta lana). Hori izan behar da gizarte ekintzaren helburua.

Mario Fernandezen EAJk aspaldi hartu zuen euskal aurrezki kutxen eta haien gizarte ekintzaren eredu soziala suntsitzeko erabakia. Orain arte ezin izan du erabaki hori gauzatu aurrean herri bat aurkitu duelako, euskal jendarteak oso argi daukalako bere izerdia, bere aurrezkiak eta elkartasuna balio handikoak direla herri gisa aurrera egin ahal izateko. EAJk ezin izan du aurrezki kutxen gizarte ekintza desagerrarazi EH Bildu aurrez aurre aurkitu duelako, eta etorkizunean ere hala izango da.

@ehbilducongreso