Bi urteko epe laburrean, pentsio sistemari batez beste % 20-25eko murrizketa orokorra ekarri dioten hainbat erreforma egin dira: 2011ko erreforma (erretiroa hartzeko adina luzatu, pentsioa kalkulatzeko urte kopurua igo...), 2011ko izoztea, 2012ko ez eguneratzea, erretiro aurreratu eta partzialen erregimenaren erreforma, alargun pentsioen eta etxeko langileen erregimenaren aldaketa... Murrizketa horiek guztiak Banka espekulatzaile eta ustela finantzatzeko erabili dira.

BPGari dagokionez, Espainiar estatuko pentsio gastu globala EB-27ko apalenetako bat da: Europako bataz bestekoa baino % 20 apalagoa zehazki. Milioika pentsiodunek biziraun egiten dute pobreziaren muga ofizialetik behera. Hego Euskal Herrian, pentsioen % 58 (366.682 pentsiodun) hileko 700 eurotik beherakoak dira eta alarguntasun pentsioen bataz bestekoa (160.000 pentsio) hileko 650 eurokoa da. Gainera, emakumeen pentsioak gizonenak baino % 40 txikiagoak dira. Beraz, helburua pentsioak nabarmenki hobetzea izan behar da, ez murriztea.

Pentsionistak ez dira zenbakiak, zifrak, grafikoak edo estatistikak...; izen-abizenak eta familiak dituzten pertsonak dira. Estu eta larri bizi diren, gastuak oso ondo neurtu behar dituzten, pobrezia pairatzen duten eta jantoki sozialetan ilara egiten duten pertsonak dira. Eta pertsona horiei orain aplikatu nahi dizkieten murrizketen ondorioz, hurrengo urteetan haien pentsioek % 15 eta % 30 bitarteko beherakada izango dute (inflazioaren arabera). Idiak gurdiaren aurretik jarri behar dira, pertsonen interesak bankarien, aseguru konpainien eta troikaren interesen gainetik.

 

Gizarte Segurantzan sortu berria den defizita ez da sistemaren berezko gaixotasun baten sintoma, PPren Gobernuak sistema hori ahultzeko eta pitzatzeko asmoz aurrera daraman politika zehatzaren ondorioa baizik. Lan erreformaren ondorioz langabezia gero eta handiagoa denez, kotizazioak beheraka ari dira eta langabeziako prestazioak goraka. Gauzak horrela, nolatan ez da defizitik egongo? Nolatan ez da defizita egongo enplegua sustatzera bideratutako diru kopurua izugarri gutxitzen ari bada eta enpresaburuen kotizazioek gero eta desgrabazio handiagoak badituzte? Gizarte Segurantzaren gaixotasuna nahita eragin dute, pentsio fondo pribatuak bultzatzeko asmoz.

Berriz ere, Gobernu zentralak -orain PPrenak, lehen PSOErenak- pentsioei buruz hartutako neurriak Euskal Herrian inposatzen dira bertoko gehiengo politiko, sindikal eta sozial zabalen gainetik. Garai batean sustatu zuten zementuan oinarritutako politika espekulatzaileak eragindako kalteak eta Banka ustelaren zuloak estaltzeko asmoz, orain lapurreta garbia egiten diete gure pentsionistei. Elkartasuna, justizia soziala eta demokrazia helburu, Euskal Herriak Gizarte Segurantzaren eta Pentsioen sistema burujabe eta propioa behar du.

@ehbilducongreso