Amaiurreko diputatuak azaldu du, koalizio hori ez dela Madrilera joan "partiden eta apurren" gainean hitz egiteko. Haren arabera, burujabetzaren aldeko koalizioak kritikatu egiten du aurrekontuen "orokortasuna"; izan ere, Gobernuak aurkeztutako proiektuak "ez du Euskal Herriaren errealitate soziala, politikoa eta ekonomikoa islatzen", eta "gure herriari bizkarra ematen dio".



Larreinak esan duenez, Amaiurrek ez du "kupo gehiagorik, ez hitzarmenik nahi; burujabetza baino. Horrek ahalbidetuko digulako gure ekonomiaz erabakitzea". Amaiurreko kidearen arabera, aurrekontu hauen irizpideei kasu eginda, euskal herritarrek Estatuko bizilagunek baino % 60 gehiago ordaindu beharko du zor publikoa kupoaren ondorioz. "Eta zor publiko hori", gaineratu du, "PPk eta PSOEk zuzendu dituzten Espainiako Gobernuaren zein Gobernu Autonomikoaren kudeaketa eskasaren emaitza da".

Hari horretatik tiraka, Larreinak kritikatu egin ditu Rajoyren Gobernuak egin dituen egiturazko erreformak. Erreforma neoliberal hauek porrot egin dutela salatu du, eta Euskal Herriari bertako biztanleen gehiengoak onartu gabe inposatu zaizkiola gehitu du.

Diputatu subiranistak esan du iruzur fiskalaren aurka benetako konpromisoak hartzen ez dituen artean, Espainiako Gobernuak ez duela sinesgarritasunik izango.

Azken batean, Larreinaren iritziko, aurrekontu hauek "krisiaren porturantza jarraituko dute arraunean ongizate estatua murriztuz, iruzur fiskala erraztuz eta sektorerik ahulenak zigortuz: pentsiodunak, langabetuak, autonomoak, pymeak eta gizarte ekonomia".

@ehbilducongreso