Rafa Larreina diputatua ez da bat etorri Cristobal Montoro ogasun ministroak esandakoarekin. Amaiurreko diputatuaren arabera "ezin daiteke berreskurapen ekonomikoaz hitz egin datozen urteetan jasangaitzak izango diren langabezia tasak izango baditugu eta ezin daiteke elkartasunez hitz egin aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta pobreago direnean".

Diputatu subiranistak ministroak aipaturiko egiturazko erreformak gogor kritikatu ditu. Bere esanetan, erreforma hauek "langabezia gehiago ekarri dute, eskubideen urraketak eragin dituzte eta gainera, familiei eta pymeei bideratu beharko maileguak desagerrarazi dituzte". Azken finean, esan du, Espainiako gobernuaren erreformek "ongizate estatuaren suntsiketa" eragin dute.

Bere hitzetan estatuko aurrekontu nagusiak Euskal Herriko errealitate ekonomiko, politiko eta sozialari bizkarra emanez eginak daude eta gehitu du, Rajoyren gobernuak euskal herritarren gehiengoak nahi ez duen eredu neoliberal inposatu nahi digula.

 

Amaiurreko diputatuak berretsi du "krisitik irten eta justizia sozial handiagoko sistema bat eraikitzeko aukera emango digun esparru burujabea izateko inoiz baino behar handiagoa duela Euskal Herriak".

@ehbilducongreso