Rafa Larreina diputatuak adierazi duenez, aurrezki kutxa eta banku fundazioen legea "izaera sozialeko finantza entitateen desagerpen prozesuaren azken urratsa da". Eta gehitu duenez arazo larriak zituzten aurrezki kutxak onbideratzeko aitzakiaz arazo horiek ez zituzten entitateen errealitatea estali du Espainiako gobernuak.

Bere ustez aurrezki kutxen izaera juridikoaren desagertzeak entitate horien pribatizazioa ekarriko du finantza oligopolio handi baten mesederako. "Herritarren intereserako oso kaltegarria izango da hori", adierazi du Larreinak, besteak beste, erakunde horien gizarte ekintza "desagertu egingo delako".



Diputatu subiranistak nabarmendu duen bestea lege honek bizkarra ematen diola Euskal Herriko errealitate sozial, politiko, ekonomikoari. Are gehiago, Larreinak esan du lege honek ondorio oso kaltegarriak izango dituela Euskal Herriko ekonomian. Batetik, autonomoek, enpresa txiki eta ertainek eta ekonomia sozialak oro har, zailtasun handiagoak izango dituztela adierazi du euskal diputatuak eta bestetik, gizarte ekintzara ez dela dirurik bideratuko esan du.

Larreinak erabakitze euskal esparruaren beharra aldarrikatu du "gure herriaren interesen aurkakoak diren eredu sozial, politiko eta ekonomikoak inposatu ez diezazkiguten".

@ehbilducongreso