Amaiurreko diputatuak adierazi duenez "Alderdi Popularrak handikeriaz defendatzen duen lege hau gobernu honen defizit demokratikoaren erakusle argia da". Bere ustez, tokiko administrazioen iraunkortasunerako legea udal autonomiaren eta Euskal Herriko erakundeen aurkako "atentatua" da.

Ildo horretan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako erakunde gehienak desagerrarazi nahi izatea leporatu dio Onintza Enbeitak Alderdi Popularrari. Are gehiago, bere aburuz, Espainiako gobernuaren helburua, besteak beste, udalek orain kudeatzen dituzten zerbitzu publikoak pribatizatzea da.



Diputatu subiranistaren arabera ez da zilegi gezurrezko aurrezpen baten aitzakiapean alkate eta zinegotzien lana gutxiestea. "Gobernuko sail guztietako gabineteak loditzen ari zarete zuen lagunak bertan sarraraziz", esan die Enbeitak Alderdi Popularreko diputatuei.

Alderdi Popularreko diputatuen haserrea

Enbeitak adierazi duen bestea, "politikari guztiak ez garela berdinak. Guztiok ez garela diru publikoaz aberastu". Alderdi Popularreko diputatuei ez zaizkie gustatu berba horiek, eta are gutxiago diputatu abertzaleak "Euskal Herrian gauzak ondo egin ditugula eta ez dugula dirurik lapurtu, ez dugula gehiengo absolutoak gehiegikeriaz erabaili eta ez dugula demokraziarik murriztu" esan duenean.

Enbeitak Audientzia Nazionalean epaitzen ari diren euskal herritarrei elkartasuna adieraziz hasi du bere diskurtsoa.

@ehbilducongreso