Amaiurrek Alderdi Popularraren gobernuak Euskal Herritarrei "inposatu" nahi dion hezkuntza legea errefusatu du. Xabier Mikel Errekondo bozeramaleak argi utzi du burujabetzaren aldeko indarrek "inoiz" ez dutela onartuko lege "lotsagarri" hau Euskal Herrian aplikatzerik.

Zentzu horretan, Errekondok azpimarratu egin du euskal herritarrek euren etorkizunari buruz erabaki nahi dutela: "Espainiako Gobernua ez da inor, guri ezer inposatzeko". Are gehiago, bere esanetan, Espainiako Gobernuari dagokion bakarra "euskal gizarteak erabakitzen dutena errespetatzea da".



Diputatu subiranistak erreferentzia egin die Wertek bere hezkuntza erreforma aurrera ateratzeko erabilitako arrazoiei ere: "Aitzakiak baino ez dira. Legea hau ezin daiteke justifikatu, eta gutxiago Euskal Herrian. Gezur hutsa da. Lege honek naftalina usaina dauka". Jarraian, Mariano Rajoyren Gobernuak FAES delakoaren doktrinak bere egiten dituela salatu du.

Interbentzioa amaitu aurretik, Xabier Mikel Errekondok hezkuntza erreformaren kontrako gaitzespena antzeztu du bere burua zigortuz tribunan. Esku bakoitzean liburu bat hartu eta besoak gurutzean jarri ditu. Horren aurretik euskaraz hitz egiten ari zen, eta Kongresuko Presidenteak ordena mantentzeko deia egin dio. Errekondoren azken hitzak izan dira, "hau da zuen hezkuntza: men egin eta isildu, bestela, zigortuta; Frankoren sasoiko eskoletako moduan".

Amaiurreko diputatuak dei egin dio euskal gizarteari larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joan, eta LOMCEren aurka dagoela adierazteko.

@ehbilducongreso