Attachments:
Download this file (pnl autodeterminacion-amaiur-erc-bng.pdf)pnl autodeterminacion-amaiur-erc-bng.pdf [ ] 271 kB

Gaur egungo nazioarteko testuinguruan, mendebaldeko herrialdeetan batik bat, ohikoak dira burujabetza, autodeterminazioa eta erabakitze eskubidea bezalako aldarrikapenak. Eta aldarrikapenok, ohikoak bezain zilegi eta demokratikoak dira.

Orain arte, estatu espainiarrak ezezkoarekin erantzun die bere menpean dauden estaturik gabeko nazioen aldarrikapen eta eskaerei. Jarrera ulergaitza bere burua demokratikotzat duen estatu batez ari garenean.

Behin eta berriz, bere konstituzioa jarri du estatu honek muga gisa. Eta gure ustez, proposamenean bertan aipatzen ditugun nazioarteko hitzarmenen sinadurak berak eta "printzipio demokratikoan" oinarrituriko interpretazio desberdin batek, Catalunya, Galiza eta Euskal Herriko herritarrei euren etorkizunaz galdetzeko aukera eman beharko lukete. Eta ez hori soilik. Herritarrek hala eskatuko balute, konstituzioa bera aldatu eta ikuspegi "ireki" batez interpretatzeko aukera egon beharko luke. Baina zoritxarrez, ezezkoari iltzaturik segitzen dute, euren konstituzioaren bigarren artikulu eta zeharo mehatxagarria den zortzigarren artikulua aipatuz behin eta berriz.

35 urteren ostean indarrean dagoen esparru juridiko-politikoa erabat agortua dagoela ikus dezakegu. Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarrek esparru autonomikoa gainditu nahi dute. Esparru honek gure oinperatzea luzatzen du.

Egunez egun, eta urte batzuetatik hona, estatua atzeranzko aldaketan, inboluzio prozesu batean murgildua dagoela ohartzen gara. Ofentsiba birzentralizatzailea agerikoa da. Horren adibide argiak dira espainiar nazionalismo zaharkituak Madrilen onartzen dituen legeak: Lomce bera, merkatu bateratu eta bakarreko legea, tokiko administrazioen legea... asko dira gure burujabetzaren kalterako, nagusitasun espainola berreskuratu eta indartzera bideraturiko legeak.

Hori gutxi balitz, erabakitze gure ahalmenaren aurkako eraso gehiago ere jasan behar izaten ditugu. Gasteiz eta Iruñeko parlamentuek edo eta gure herriko beste edozein erakundeek harturiko erabakien aurka jotzen dute etengabe Hego Euskal Herrian dauden estatuko bi ordezkariek, Espainiako diputatuen kongresuak eta Konstituzio Epaitegiak.

Hau guztia esanda, Euskal Herria herri gisa biziraun ez dadin bere lege eta proiektuak inposatzen dizkigun estatu ukatzaile eta mehatxatzaile baten aurrean gaudela agerikoa da. Berriro diogu; burujabetza da gure herria etorkizunean bizirauteko berme bakarra.

Euskal Herriko herritarrak gara espainiar estatuarekiko nahi dugun harremanaz erabaki behar dugunok. Ezin daiteke eredu autonomiko, federal, zentralista edo maila anitzekoa planteatu aurretiaz herri gisa onartzen eta errespetatzen ez bagaituzte. Guk geuk izan behar dugu gure etorkizunaz erabaki behar dugunok: mehatxu eta inposiziorik gabe.

Testuinguru honetan, ez dago autodeterminazioari dagokionean behintzat, anbiguotasunarentzako lekurik. Orain arte, edozein aitzakiak balio zuen erabakitze eskubidearen aldarrikapena "izozteko". Orain ordea, jarrera horrek ez du balio. Erregio gisa ez baino, herri gisa jarduteko garaia da.

Bihar, indar politiko kataluniar eta galiziarrekin batera "begiak irekitzeko" proposamena egingo diogu estatuari. Estaturik gabeko hiru nazioek libreki jarduteko tresnak bilatu ditzan proposatuko diogu.

Hori bai. Nazionalismo espainiarrak (duen kolorea duela ere) demokrazia ariketarik egin duen esperantza handirik ez dugu. Egia da. Borondate demokratiko da behar dena. Eta hain zuzen, hori da espainiar estatuaren defizit demokratikorik handiena. Ezer ez aldatzeko borondate politikorik ez dagoela, alegia.

Horregatik, zera diogu: era demokratikoan jarduteko gai ez den estatu honek, akordiorik bilatu nahi ez duen estatu honek eta beraz, aukera legalik aztertzeko prest ez dagoen estatu honek aurrean izango gaituela. Guk geuk, gure herriak bere bide propioa egingo du (hasiak gara egiten) bide hori autopista zabal eta artez bat bihurtu arte. Jarrera demokratiko, gizabidezko eta alde bakarreko horrek eramango gaitu askatasunerantz. Eta argi dugu, inor ez dagoela soberan bide horretan.

@ehbilducongreso