Fatima Bañez ministroak Toledoko Itunaren jarraipen batzordean egin duen agerraldia aprobetxatuz, Sabino Cuadra diputatuak Guardia Zibilak atzo hasitako operazioa salatu du. Euskal diputatua zutik jarri eta Herria mugimenduaren kartela zabaldu du ministroaren aurrean.



Cuadrak adierazi duenez "bi urteren ostean indarkeria bakarra Espainiako gobernuarena da", eta gaineratu du "bake eta normalizazio prozesua lehertzen saiatzen ari dela PPren gobernua". Hala ere, argi utzi nahi izan du "ez dutela lortuko eta ez direla gure herriaren gainetik pasako

Azkenean, Manuel Chaves batzordeko presidenteak hitza kendu dio Sabino Cuadrari.

Bien bitartean eta ordu berean, Bozeramaile Batzordearen atarian polizia operazioaren aurkako adierazpenak egin ditu Rafa Larreinak. Diputatu abertzaleak gogor salatu ditu atzoko hamazortzi atxiloketa eta nabarmendu duenez, "Herrira mugimenduaren xedea presoen senideei laguntza eskaintzea eta pertsona guztien eskubideak errespetatuak izatea bermatzea" dira. "Ez du deliturik egin", adierazi du.

Ildo horretan, ilegalizaturiko erakundeen jarraipena dela argudiatuz Herrira mugimenduaren aurka barne ministroak esandakoak kritikatu ditu Larreinak. Bere esanetan, irizpide bera jarraituz eta memoria historikoaren legeari jarraiki, "Alderdi Popularra bera legez kanpo utzi beharko lukete". Bere ustez, "irizpide hori zentzugabea da erabat eta ez du lekurik estatu zuzenbide demokratiko batean

Diputatu abertzaleak polizia operazioaren "izaera politikoa" nabarmendu du ere bai eta "arduragabekeriaz" jokatu izana leporatu dio Espainiako gobernuari. Hala ere, Larreinak "eskua luzatu" dio berriz ere Rajoyri "bere politikak aldatu eta normalizazio garai berriarekin bat egin dezan".

@ehbilducongreso