2014rako Espainiako gobernuak aurkeztu dituen estatuko aurrekontu nagusiek ez dute gure errealitate politiko, sozial eta ekonomikoa islatzen. Are gehiago, gure bizkarrera eginak daudela salatu nahi dugu.

Ongizate estatuaren desagerpenean beste urrats bat dira aurrekontu hauek. Pentsioen erosteko ahalmena horren adibide garbia dira. Baina baita bestelako arlo batzuetan aurre ikusi dituzten murrizketak ere. Horren adibide ere badira gizarte zerbitzuetako %36ko murrizketa, edo osasungintza publikoko ia %35eko jaitsiera, edo eta dependentzia sistemak jasango duen erdirainoko murrizketa.

Lan prekarietatea eta langileen eskubideen murrizketan sakontzen duten aurrekontuak dira.

Aurtengoekin alderatuz, datorren urteko aurrekontuek lana babestera zuzendutako funtsak %7 murriztu ditu Espainiako gobernuak.

Eta noski, zor publikoa handituko dituzten aurrekontuak dira. Ildo honetan esan behar dugu, Euskal Herriak sortu ez duen zor horretan, Hego Euskal Herriko biztanleok Estatuko gainontzeko herritarrek baino %63 gehiago ordainduko dugula.

Diru sarrerei dagokienean, espainiar estatuan egitura arazo bihurtu den iruzur fiskalari erantzunik eman gabe segitzen dute aurrekontu hauek.

Lehiakortasunaren bidean urrats eraginkorrik eman gabe jarraitzen du Espainiako gobernua. I+D+I delakoan sakondu ordez, lan baldintzen murrizketan sakontzen dute aurrekontu hauek.

Azken finean, krisian sakontzen duten aurrekontuak dira. Ongizate estatuaren kaltetan, iruzur fiskalari aurre egiten ez dioten aurrekontuak dira. Hitz gutxitan, gizarteko herritar (pentsionistak, langabetuak, autonomoak...) zein erakunde ahulenei (ekonomia soziala, enpresa txiki eta ertainak...) kalte egiten dieten aurrekontuez ari gara.

@ehbilducongreso