Beste behin ere, Espainiako gobernuak onartu dituen neurri eta erreformei buruz hitz egin beharrean aurkitzen gara. Oraingoan, Espainiako gobernuak, pentsioen erreformari eta datorren urterako estatuko aurrekontu orokorren proiektuari argi berdea eman dio.

Pentsioen erreformari dagokionez, azken urteetako erreformek pentsioak %20 jeitsiarazi dituzte eta iraunkortasun indize berriarekin datozen hamabost urtetan beste ehuneko %15 jeitsiko dira. Hitz bitan: pentsiodunak pobretuko dituen erreforma da Espainiako gobernuak onartu duena. Ongizate estatuaren aurkako beste eraso bat.

Eta 2014ko estatuko aurrekontu orokorrei dagokionean... langile publikoen soldatak laugarren urtez segidan izozteak, halabeharrez, langile horien erosteko ahalmena kolpatuko du. Horrek ekonomian izango duen eraginarekin. Eta beste datu esanguratsu bat: zor publikora bideratuko den dirua aurrekontu guztien ia laurdena da.

Eta berriz ere inposaketaz ari gara. Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak ezetz esan baitio pentsioen erreformari. Eta 2014ko estatuko aurrekontu orokorrek jasotzen duten funtzionarien soldataren izoztearen aurkako ahotsak nagusi dira ere bai Euskal Herrian. Alderdi Popularraren politika sozioekonomikoek porrot egin dute eta politika ekonomiko horren ondorio kaltegarrienak langileok pairatzen ditugu. Krisia ez da murrizketekin gainditzen.

Inposaketa neurri hauen guztien aurrean, Madrilen aurrean, herri gisa aritu behar dugu, guztion artean erantzun tinko bat eman diezaiogun. Guk, herri gisa, geure bidea egin behar dugu, euskal bidea egin behar dugu. Eta bide horretan Madrildik datozen inposaketei nola aurre egin adostasunak bilatu behar ditugu.

Eta euskal bide horretan, eskutik elkar helduta joan behar dugu ahalik eta eragile sozial eta politiko gehien. Gure aldetik, prestutasun osoa dugu akordio txikietatik abiatuta beste eragile, alderdi eta erakundeekin aurrera ekiteko.

Posible da Madrildik inposatzen zaizkigun erreforma eta neurri atzerakoi eta zentralista horiek guztiak gurean indargabetzea. Burujabetzaren norabidean urratsak ematea beraz, inposaketari aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Argi dugu, elkarrekin asko egin dezakegula baldin eta geure bide, euskal bidea jorratzen badugu. Hasteko, gure erakundeek ez ditzatela Madrildik datozen neurriak indarrean jarri.

@ehbilducongreso