Euskal diputatuak merkatuaren batasuna bermatzeko lege proiektuari Amaiurrek aurkeztu dion osoko emendakina defendatu du gaur.

Bere esanetan lege hau "kaltegarria da euskal burujabetza esparruarentzat besteak beste, enpresak dauden tokiko erakundeek ezin izango dituztelako nahi dituzten arauak ezarri". Ildo horretan, Larreinak adierazi du EAEk eta Nafarroak zailago izango dutela merkataritza, industria, nekazaritza eta arrantzu politika propioak garatzea eta salatu duenez, produktuen euskarazko etiketak soilik jartzea ere "ezinezkoa" izango da.



Diputatu subiranistak kontrako argudio gehiago azaldu ditu. Esaterako, legearen filosofia desrregulatzaileak kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak urratuko dituela nabarmendu. Bere hitzetan, "lege hau enpresa txiki, ertain eta mikroenpresak albo batera utzi eta enpresa handiei mesede egiten die". Bere ustez gainera, lege honek ez du ekonomiaren lehiakortasuna handitzeko balio.

Are gehiago, bere ustez lege honek tokiko enpresetan lanpostuak suntsitu baino ez ditu egingo. "Beste behin ere, Alderdi Popularraren gobernuak multinazional handiak indartu eta eredu neoliberal erradikala inposatu nahi ditu", esan du.

Azkenik, diputatu abertzaleak euskal erabakitze esparruaren beharra aldarrikatu du "Euskal Herriari arrotza zaion eredu politiko, ekonomiko eta soziala inposatu ez diezaioten".

@ehbilducongreso