Koalizio subiranistak "kezka eta haserrea" azaldu du Espainiako Diputatuen Kongresuko ogasun batzordeak "zerga nuklearra" onartu duelako.

Xabier Mikel Errekondo diputatuak salatu duenez "azpikeriaz" jokatu du berriz ere Alderdi Popularrak. Bere esanetan "onartezina" da zerga nuklearra delakoari aldaketak egitea ingurumen alorreko fiskalitatea arautzen duen lege proiektu baten bidez.

Diputatu subiranistaren arabera "oparia" egin diote Garoñari "amnistia fiskala" eskainiz. Ildo beretik, Errekondok gogoratu du "zerga nuklearrak" ez daukala atzera eraginkortasunik eta beraz, Garoñak ez dituela 150 milioi euro ordaindu beharko. Bere ustez berriz ere "agerian geratu da Alderdi Popularra energia lobbien esanetara dagoela", kasu honetan, zehaztu du, "Endesa eta Iberdrolaren esanetara". 2015ean Garoña martxan jartzeko aukeraz ere ohartarazi du.

Diputatu abertzaleak asteburu honetan Gasteizen deitua dagoen manifestaziora joateko deia luzatu die herritarrei.

@ehbilducongreso