Sabino Cuadrak pentsioentzat marko propio eta burujabea aldarrikatu du Fatima Bañez Lan eta Gizarte Segurantza Ministroaren aurrean. "Horrela, Euskal Herriak saihestu egingo luke gutxiengo batzuen interesak inposatzea Estatutik", adierazi du AMAIUReko diputatuak. Horren harira, koalizio abertzaleak marko propioa defendatzen duela esan du Cuadrak: "justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako sistema eraikitzeko, eta ez pentsiodunak eskrupulorik gabeko negozio egileen eta bihotzik gabeko bankarien esku uzteko".



Espainiako gobernuaz gain CCOO eta UGT sindikatuen jarrera "sumisoa" ere salatu du diputatu abertzaleak. Izan ere, haren berbetan, sindikatu horiek patronalarekin negoziatu dituzte pentsioen erreforma guztiak, eta "mespretxatu" egin du euskal gehiengo sindikala.

Diskurtso gogorra egin du Cuadrak, eta PPren Gobernuari leporatu dio pentsioak pribatizatu nahi dituztela. "Gobernuak nahi duena ez da pentsioen sistema iraunkorra izatea, ez; aitzitik, ahalik eta zenbaki txikienetara mugatu nahi dituzue jendeak pentsio funts pribatuak har ditzan", aurpegiratu dio ministroari.

Bestalde, Cuadrak Gizarte Segurantzaren defizita gainditzeko proposamenak egin ditu. Haren iritziz, enpresek kotizazioak igotzea, iruzur fiskala gainditzea, errenta altuei zergak igotzea eta lana sortzera bideratutako politikak beharrezkoak izango lirateke egoera hau gainditzeko.

Ispiluari begira

Bañez ministroak erantzun dio "PP inor baino hurbilago egon dela pentsiodunengandik eta langabeengandik". Horren aurrean, Cuadrak ispiluaren aurrean jar dadila eskatu dio Fatima Bañezi: "Zure hitzak gehiago dute sadismotik gezurretik edo isekatik baino. Esandakoa ispilu baten aurrean esango bazenu, zeu ere barreka lehertuko zinateke".

Datorren astean AMAIURrek pentsioen sistema publikoa mantentzearen eta Euskal Herriak Gizarte Segurantzarako eta Lan Harremanetarako marko propioa izatearen aldeko mozioa aurkeztuko du Kongresuan.

@ehbilducongreso