Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuari elkarrizketa egin diote Berria egunkarian:

Madrilera joan-etorrian hasi aurretik azken egunak aprobetxatzen ari da Xabier Mikel Errekondo (Usurbil, 1964). Badu zereginik. Bakegintza eta erabakitzeko eskubidearen ingurukoez gain, LOMCE legea, tokiko erakundeen erreformaren legea, pentsio sistema, lan erreforma, Abortuaren Legea eta parekidetasunaren ingurukoak dituzte lehentasun. «Hezkuntzak, adibidez, herri baten nolakotasuna markatzen du. Hori Madrildik erabakitzen badute, galduta gaude!». Gauza bat erakusten dute gai guztiek, haren ustez: «Mendekotasuna gainditu behar dugu, eta burujabetza ezinbestekoa dugu Euskal Herriaren etorkizuna margotzeko».

Legegintzaldiaren hasieran zirudien bezain tentsiozkoa al da egoera Amaiurrekin Madrilen?

Ez, ez. Azkenean eszenografia bat dago. Gai eta koiunturaren arabera gertatu da egiazko konfrontazioa, baina egoera ez da etengabeko tentsioa. Alderantziz, errespetua lortu dugu, gure jardunean ez dugulako inolako espekulaziorik eta fribolitaterik egin. Edukietara joan gara, konfrontazio politikoari heltzen saiatu gara, gure lehentasunei heltzen. Araudiaren amarru eta gobernuak erabili dituen tranpak salatu ditugu, baina ez diogu geure buruari horretan galtzen utzi. Horrek zilegitasuna, sinesgarritasuna eta errespetua eman digu. Ez gara horretara joan. Baina jokabide desberdinak izan ditzakezu eta tematu.

Bakegintzan, erabat itxita al daude Espainiako Gobernuko ateak?

Bai, itxita dago. Blokeoa nahi du, eta PPren barruan atzeraka tira egiten ere ari dira. Horren lekuko dira Iturgaitz eta Mayor Oreja, adibidez. Argi daukate euskal herritarrok konpondu egin nahi dugula gatazka. Gatazkaren ondorioei irtenbide bat eman nahi diegula, eta, era berean, gatazka sortu zuen arrazoi eta muinari heldu. Bigarren horri ekiditeko gobernuak egiten duen apustua da ahaleginak eta bi egitea dena gatazkaren ondorioetan blokeatzeko.

Ezer baino lehen ETAk armak utzi behar dituela esaten dute. Ados?

Baina orain dela urte gutxi beste arrazoi bat jartzen zuten, eta gero beste bat jarriko lukete. Guztiok dakigu gatazkaren ondorioei helduta etorriko dela konponbidea: presoei, biktimei, desarmatzeari eta desmilitarizazioari helduta. Desarmatzea horietako bat da. Serio konponduko bada, hitz eginda egin behar da, jarraipena eginda, prozesu batekin eta ikuskatua. Ikuskaritza inpartzial eta errekonozitu bat behar da. Nazioarteko ikuskaritza bat, adibidez. Hortik kanpo esaten diren gauza guztiak PPren gobernua erabiltzen ari den tresna politiko koiunturalak dira. Bere erantzukizunari uko egiten ari da, eta fokua ETAn jartzen. ETAk behin baino gehiagotan jarri ditu mahai gainean bere konpromisoak, hausnarketak eta pausoak emateko borondatea. Ezin gara hor nahastu eta PPren amarruan erori. Gobernuak bere erantzukizuna dauka, eta desarmatzea egin behar da Espainiako eta Frantziako gobernuekin hitz eginda eta nazioarteko bitartekaritzarekin.

Gobernuekin hitz egin gabe desarmatzerik ezin daiteke egin? Aldebakarreko desarmatzea ez da posible?

Hori ETAk esan behar luke. Armak berak ditu. Ni ez naiz nor esateko alde bakarretik egin daitekeen edo ez. Baina gatazka bat ez dago alde batek zerbait egin duelako bakarrik, Euskal Herriak herri izateko eskubidea ukatua duelako dator, bi estatuk ukatu eta urratzen dioten eskubidetik. Horri konponbidea emateko urratsak alde batetik egin daitezke, eta egin dira. Eta egingo dira. Baina desarmatzea bera norbaitek ikuskatu beharko du, zilegi egin beharko du! Eta Frantziako eta Espainiako gobernuek bat egin beharko dute egin daitekeen urrats horiekin. Aldebiko urratsa izan behar du, gure ustez.

Baina Espainia itxita dago. Nola desblokeatu egoera?

Gobernuak bere apustu taktikoak ditu. Guk mugiarazi behar dugu. Euskal gizarteak, bere exijentziak egin behar ditu gehiengo soziala metatuta, eta argi edukita iparra non dagoen. Konponbidea bilatuta presoen giza eskubideei, herri honen eskubide demokratikoak errespetatuz, biktima guztiak aintzat hartuta eta egia guztia bilatuta. Hori guztia prozesu bat izango da, nahi eta ez. Eta hori batez ere Euskal Herrian egiten dugun lanetik pilatzen dugun indarretik abiatuko da. Eragile, herritar eta alderdien artean, eta instituzioen artean konpromisoak hartu behar dira PP mugiarazteko. Beren borondatez ez dute egingo.

Presoez hitz egin duzu. Zuen lehentasunen artean dago gaia.

Gatazkaren ondorioak urgentzia batzuk ezartzen ditu. Izugarrizko kalteak sortzen ari dira ondorio horiek, eta euskal herritarrok horiek pairatzen ari gara oraindik. Presoen gaia lehen lerroan dago, argi eta garbi. Egunotan ikusi dugu: Egineko kontseilari izateagatik 18/98 auzian preso sartu zuten Pablo Gorostiaga, euskal herritarrek inolako sinesgarritasunik eman gabeko epai batekin. Laudion lan ona egin duen herritar gisa kontsideratua dago. Eta aldiz, kartzelaratua eta kondenatua dago. Legeetan onartuta dituzten giza eskubideak ere ukatu dizkiote, noiz eta bere emaztea hil zorian dagoenean ere. Mendekuz eta gorrotoz. Eta Judith Uriarte emaztearen eskubideak ere urratu dituzte, modurik ankerrenean.

Gai honekin lotuta, Angel Yusterekin bilera egitea eskatu duzue berehala. Erantzunik izan al duzue?

Gertatutakoaren larritasuna ikusta egin genezakeen zuzenena bilera eskatzea iruditu zaigu, azalpenak eman diezazkigun. Gure eskaera jaso dutela erantzun digute. Egunen batean bilera hori emango digutela espero dugu. Baina, argi dagoena da, Pablo eta Judithekin gertatu denaren erantzukizun guztia beraiena dela.

Alderdiek konpromiso gehiago hartu behar dutela esan duzu lehen. Zein alderdiri buruz ari zara?

Guztioz. Guztiona da erantzukizuna. Ez gara batzuentzat konponbidea eskatzen ari, Euskal Herri osoarentzako konponbidea eskatzen ari gara. Alderdi guztien ardura da, hausnartzeak egin eta kaleratzea, konpromisoak hartzea eta urratsak egiteko borondatea azaldu eta horietan bat egitea indarkeriaren garaia guztiz buka dadin eta benetako bakerantz bidea egiten has gaitezen.

EAJko diputatuek PPren gobernuarekin elkarrizketa bide bat ireki dute. Ba al duzu horren berri?

Komunikabideetatik jasotakoa besterik ez dakit. Egin beharreko bideek gardenak eta irekiak izan behar dute. Konponbideak ez dira etorriko ezkutuka bilduta egindako akordioetatik. Horrek arrisku latza dauka. PP saiatuko da EAJ bere interesetara ekartzen, eta horrek arriskuak dauzka. Euskal Herriko alderdiei dagokigu, eta batez ere zuzeneko protagonistei dagokie gatazkaren ondorioei konponbidea topatzea, lehenik, eta horiek ETA eta bi gobernuak dira. Presoei dagokionean, mintzakidetza bat eta bitartekari talde bat ere badituzte. Biktimekin berdin. Bi alderdien artean ezin dute dena konpondu.

Bide horrekin ez duzu uste aurrerapen handirik etorriko denik?

Uste dut hori ez dela bidea. Alderdien artean hitz egin behar dugu, ahaleginak egin PP mugiarazteko. Hori izan behar luke gobernuari begira egin beharreko ahalegina.

EAJrekin elkarlana aurreikusten al duzue Madrilen? BNG eta ERCrekin erabakitze eskubidearen aldeko egitasmoa aurkeztu zenutenean EAJ ez zen hor egon.

Ez, eta beste ekimen batzuetan ere ez da egon. Alderdi bakoitza aske da bere erabakiak hartzeko eta haien erantzule izan behar du. Diadaren aldeko ekimenean denok egon gara, adibidez, eta horrek erakusten du erabakitzeko eskubidearen aldekoak garela.

Kataluniako ekitaldiari erreferentzia egin diozu. Inbidiaz begiratzen diozue Kataluniari?

Ez nuke hitz hori erabiliko. Guztiz bat egiten dugu, babesten dugu eta txalotzen dugu Via Catalana eta kataluniako herritarrak azken urteetan egiten ari diren ibilbidea. Haiek ere ikusten dute beren herriaren etorkizuna burujabetzaren bidetik garatu behar dutela, ez nahi dutela, baizik eta behar dutela. Antzua delako euren eskumen esparrua. Eta txalotzen dugu, jeneralitateak ez ezik, gero eta herritar gehiagok erabakitzeko eskubidearen alde egiten duelako. Arrazoietako bat da Espainiako Gobernua itxita dagoela, eta inolako arrazoirik ez diela ematen katalanei. Baina euskaldunok ere, berdin berdin gaude.

Kontzertu ekonomikoa daukagu.

Badirudi gure eskubideak beste maila batean defendatzeko aukera dugula, baina, ez dugu zer eginik. Jaietako ordezkariak ere ezin ditugu aukeratu. Begira osasuna eta hezkuntza, ustez egungo autonomiaren eskutik erabaki dezakegunak; igitaia pasatu digute oin azpitik eta hankaz gora jarri dute. Baditugu elementuak gauza bat argi esateko, haiek dira agintariak eta Euskal Herria menpekoa da. Ia-ia egunero erakusten digute, gainera.

Erabakitzeko eskubidearen partida Madrilen irabazi beharra dago?

Partida herri bakoitzean irabazi behar da, katalanek han eta guk hemen. Madrileko instituzioa ez da gurea, baina gu hara joan egiten gara. Zergatik? Han hartzen diren neurriek eragin zuzena dutelako Euskal Herriaren egunerokoan. Baina gu lehen lerrora joaten gara, erabakiak hartzen diren gune nagusira. Borrokatzera, konfrontazio ideologiko politiko hori han bertan lehen egunetik eragitera. Euskal Herriak herri gisa duen zilegitasuna han azaltzea, kontraesanak sortzea. Gure lan politikotik hori lortzen ari garela uste dugu. Partida ez da han irabaziko, baina han ere jokatu behar da, irabazteko bidean jartzeko baliagarria da.

@ehbilducongreso