Pentsioen kontraerreformaz atzo bertan Fatima Bañez ministro espainiarrak egin proposamena dela eta, hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

1. Pentsioak KPIaren arabera ez berritzea onartezina deritzogu. Praktikan, pentsioa jasotzeko eskubidea dutenen erosteko ahalmenaren gutxitzea dakar horrek. Eta erosteko ahalmenaren gutxitze progresibo hori are eta larriagoa da kontuan hartuz gero pentsioak jasotzen dituzten herritar asko eta asko larrialdi egoeran daudela. Egoera honek pobrezia eta gizarte bazterketa maila handiagoetara garamatza. Batzuk behin eta berriz ari dira iraunkortasun faktorea termino ekonomikoetan kokatzen. Dirudienez iraunkortasun faktoreak izaera soziala izan behar duela ahaztu dute horiek.

2. Nabarmentzekoa da ere bai, pentsioei dagokienean Alderdi Popularraren helburua horiek ahultzea dela. Ondorioz, jendea beharturik egongo da (ahal duenak) pentsio funts pribatuetara jotzea hemendik aurrera sistema publikoak izango dituen gabeziak orekatu asmoz. Osasungintzan zein hezkuntza eta gizarte zerbitzuetan gertatzen ari den bezala, eremu horietan lanean ari diren enpresa pribatuak indartu nahi ditu Espainiako gobernuak.

 

3. Pentsioen erreforma honek ez du inolako zilegitasunik Euskal Herrian. Batetik, gure herrian botoen %23besterik ez duen alderdi politiko batek sustaturiko erreforma delako. Eta bestetik, gure herrian gutxiengoa diren sindikatuekin negoziatzen ari direlako. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriarentzako burujabetza osoa eskatzen dugu. Euskal Herriak bere segurantza sozial eta pentsio sistema propioak behar ditu. Hau da, euskal erakundeei eta euskal gizartearen erabakitze ahalmenari dagokie gure pentsio sistema propioa kudeatzea.

@ehbilducongreso