"Zoru etikoaz" hainbeste hitz egiten den garai honetan, Pablo Gorostiaga preso politikoari ez diote bere emaztea ikusten eta agurtzen utzi. Gertakari honek gaur eguneko errealitatera garamatza berriz ere, hau da, euskal presoek jasaten duten tratu krudel eta ankerraren errealitatera.

Nabarmentzekoa da euskal preso politiko eta Laudioko alkate ohia denak bere emaztea bisitatzeko baimen judiziala zuela joan den abuztuaren 29tik, baina Espetxe Zuzendaritzak ez du Laudiora garaiz eraman. Herrera de la Manchatik iritsi berri, gaur goizean Ocañako espetxean zegoen Gorostiaga.

Gertakari hau oso larria dela deritzo Amaiurrek. Are gehiago kontuan hartuz Pablo Gorostiagak 71 urte dituela eta bere jaioterritik 600 kilometrora, Herrera de la Manchan (Ciudad Real) sakabanaturik dagoela.

Pablo Gorostiagak gaixotasun larria zuen bere emaztea ezin agurtu izana ez da kasualitatea. Euskal presoei eragiten dien erabaki eta neurri oro bezala erabaki politiko baten aplikazio ankerraren ondorio baizik. Eta Gorostiagarena bezala, Asier Aginako presoaren senide batzuek atzo izan zuten auto istripua ere ez da kasualitate hutsa. Gertakari horiek biak euskal presoen eta beraien senide eta lagunen aurka Alderdi Popularrak darabilen mendeku politikaren isla dira.

Beste behin ere agerian geratu da Espainiako gobernuaren mendeku politika ankerra. Eta beste behin ere agerian geratu da zein den batzuen "zoru etikoa". Estatua da gaur gaurkoz espetxeetan giza eskubideak urratu eta zuzenbide estatuaren printzipioak hausten dituena.

Horregatik guztiagatik eta gertakari honen larritasunagatik, Angel Yuste espetxe arduradun nagusiarekin berehala batzartzeko eskaria egin du Amaiurrek.

@ehbilducongreso