Estatu Espainola, orain artean ezagutu gabeko, krisi ekonomiko, sozial eta instituzionalean sartuta dago.

Jendearen arreta eta debate politikoa krisi horren hiru ardatz nagusietara begira daude egun:

  • Krisi ekonomikoa eta haren ondorioz hartu diren neurri neoliberalak eta zentralizatzaileak.
  • Estatu eredua eta nazio aldarrikapenak.
  • Eredu politikoaren karga gaindiezina: ustelkeria.

Estatu espainola, trantsizioa deitu zitzaion zera haretan, norbaitek lotuta eta ondo lotuta utzitzako sare juridiko eta politikoa da egun. Alderdi politiko bi izan dira eta dira oraindik sistema horren ustezko bermeak.

Gaur, alderdi horiek biak eta bipartidismoa, hainbat ardatz ekonomiko, sozial zein politiko dituen krisiaren ardatz bat gehiago dira.

Alderdiekin batera bizi izan da ustelkeria alderdien poltsikoak betez, eta orain argitara atera da. Badirudi, ustelkeriari lotutako eskandaluek guztiz ezabatuko dutela aipatutako alderdi bi horiek duten sinesgarritasun apurra.

Ez dakigu Gobernuko Presidenteak zer egingo duen azkenean, baina dakiguna da, beldur dela Barcenasen paper famatuen gaineko azalpenak emateko.

Eta hortxe dago koska, hain zuzen ere: bai alderdi biek eta bai botere ekonomikoek hitzari, hauteskundeei, herritarren borondateari betetzeari eta, nola ez, herrien erabakitze eskumen askeari beldurra diote.

Rajoy, azkenean, Kongresuaren aurrera azalduko da, eta Rubalkabak ez du zentsura mozioa aurkeztu beharrik izango.

Ez da ezer aldatuko arazoaren sustraiak ez daudelako Rajoy edo Rubalcabarengan, herrien eskubideak ukatzen dituen eta ustelkeria medio, botere ekonomiko handiek bahituta daukaten estatuarengan baino.
Frankismotik ukatu dute botere handiek politikaren balioa. Herritarren parte hartzean oinarritu behar lukeen benetako politikaren balorea. Estatu espainolean ez dago botere politikorik; izan ere, botere militarrak, elizak eta botere ekonomikoek behin eta berriro ukatzen dute botere hori.

Bestalde, erabakitzeko eskubidea ukazioak eta guztiontzako kafeak ezkutatu eta atzeratu baino ez dute egin saihestu ezin den errealitatea: hemen badira euren etorkizuna libre eraiki nahi duten nazioak.

Izateko eskubidea ukatzea, herritarrei bai eurentzat eta bai ondorengoentzat zein estatus juridiko edo politiko nahi duten galdetu ezin izatea, itsasoa eskuekin gelditzeko ahalegina baino ez da.

Honegatik guztiagatik hauxe aldarrikatu nahi dugu ERC, BNG eta Amaiurrek:

  • Estatu espainolean benetako parametro demokratikoak ezartzea.
  • Herritarren parte hartzean oinarritutako politika izan dadila ekimen politiko zein ekonomikoen ardatz nagusia.
  • Azkenik, zelan ez, demokraziaren eraikuntzan ezinbestekoa denez, nazio bakoitzaren erabakitzeko eskubidea onartzea. Euren etorkizunari buruz galdetzeko eskubiderik ez ukatzea.

Ordua heldu da beraz, eskubide nazionalak ukatzetik, estaturik gabeko nazio guztiak onartzera salto egiteko.

@ehbilducongreso