Kepa Urra torturatzeagatik zigortutako Manuel Sanchez Corbi koronel ohiari domina eman izana salatu du EH Bilduk: “Bada garaia tortura kasuak ukatu eta torturatzaileak saritzeko dinamikarekin amaitzeko”.

EH Bilduk ozen salatu du Espainiako Gobernuak tortura kasuak ukatu eta ezkutatzea torturatzaileak zigorgabetu eta saritzen dituen bitartean. Gaur jakin dugu Pedro Sanchezen gobernuak domina jarri diola UCOko buru ohi Manuel Sanchez Corbiri, Kepa Urra euskal preso torturatzeagatik 1998an zigortu ondoren Aznarren gobernuaren indultua jaso zuen koronela.

Grande-Marlaska Barne ministroak sinatuta, ‘Zilarrezko Gurutzea’ deiturikoa eman dio Guardia Zibilak Sanchez Corbiri, abuztuan “konfiantza falta” argudiatuta kargutik kendu ostean. “Berri ona iruditu zitzaigun Sanchez Corbi UCOko buruzagitzatik kentzea, nahiz eta Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuten heinean ez zen inoiz iritsi beharko ardura postu horietara. ‘Billy el Niño’-ri domina kenduko diola esatea eta ondoren Sanchez Corbiri beste bat ematea guztiz kontraesankorra iruditzen zaigu, biak torturatzaileak diren heinean. Gobernuak ez du benetako jarrera aldaketa bat erakusten horrelako neurriekin”, galdetu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak, biktimentzat “umiliagarria” dela iritzita.

Erabakia “giza eskubideen aurkakotzat” jo du Beitialarrangoitiak, eta salatu du berriro ere agerian geratu dela hitzen eta ekintzen arteko aldea “handia” dela Sanchezen gobernuarekin, koalizio subiranistak azken asteotan ohartarazi duen bezala. “Hasiera-hasieratik esan dugu Gobernuaren jarduna epaituko dugula; ekintzak, ez hitzak. Eta, gaur-gaurkoz, ekintzek ez dute itxaropenerako tarte handirik uzten”, adierazi du diputatuak.

Kontraesanak erreskadan pilatzen ari da Espainiako Gobernua, EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen hitzetan. PSOEren gobernuak uko egin dio Sanchez Corbi koronel ohiaren kargugabetzea Kongresuan azaltzeari, helegite prozesua zabalik dagoela argudiatuta. Aldi berean, baina, domina eman dio Guardia Zibilean aritu den urteetako jarduna eskertzeko. “Azken erabakiak erakusten digu ez dagoela inolako aldaketarik gobernuaren jarreran, kontrakoa baizik. ‘Billy el Niño’ polizia frankistari domina kenduko diotela iragarri dute Sanchez Corbi saritzen duten bitartean”.

Ildo horretan, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu du Kongresuan Fernando Grande-Marlaska buru duen ministerioari berehalako azalpenak galdegin eta dominaren zergatia ezagutzeko. “Bada garaia tortura kasuak ukatu eta torturatzaileak saritzeko dinamikarekin amaitzeko, eta gobernuak urteetan mantendu duen jarrera alde batera uzteko. Nola da posible torturatzaile baten domina kendu nahi izatea eta aldi berean beste bat ematea beste torturatzaile bati?”.

@ehbilducongreso