Juan Carlos Borboikoa ikertzeko batzordeari PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ezarritako betoa “bidegabe eta lotsagarritzat” jo du Oskar Matute diputatuak.

EH Bilduk “bidegabe eta lotsagarritzat” jo du PPk, PSOEk eta Ciudadanosek Juan Carlos Borboikoa Kongresuan ikertzeko batzordearen sorrera atzera bota izana. Betoak, Oskar Matute diputatuaren iritziz, Espainiako Estatuaren gabeziak begi bistan uzten ditu. “Boteretsuei zigorgabetasun sistematikoa ezartzen zaien bitartean, beste batzuek, desadostasuna agertze hutsagatik, zigorrak jasotzen dituzte”.

Haren hitzetan, PPk, PSOEk eta C’sek Juan Carlos Borboikoaren irregulartasunak ikertzeko batzordeari ezarritako betoak agerian uzten du 1978ko erregimenaren zutabe ezinbesteko bat dela monarkia. Matutek uste du Borboiek inpunitate osoa dutela nahi dutenean nahi dutena egiteko. EH Bilduko diputatuak salatu du erregimena babestea dela erabakiaren azken helburua. “Erregimenaren defentsan jokatu duten rolagatik jasotzen duten ordaina da”.

EH Bilduren arabera, herritarrek eskubidea dute Espainiako errege ohia bidegabe aberastu ote zen edo ez. Hala balitz, pribilegiorik gabe epaitu beharko luketela eta errudun jotzekotan zigortu egin beharko luketela argi utzi du Matutek. “Hori gertatzen ez bada, Espainiako alderdi nagusiek nahi duten bezala, iruzurra litzateke Espainiako Estatua estatu demokratiko gisa definitzea”, ohartarazi du.

Alderdi subiranistak berretsi du “beti” defendatu dituela monarkia deuseztatzeko ekinbideak eta aurrerantzean ere bide horretan doazen egitasmoak babestuko dituela Juan Carlos Borboikoaren legez kanpoko ekintzak zigorrik gabe gera ez daitezen. “Horregatik aldarrikatzen dugu Euskal Errepublika sortzea. Erregerik ez izateko, ez hauek ezta beste batzuk ere ez”, gaztigatu du Matutek.

@ehbilducongreso