Espainiako Gobernuak EH Bilduri jakinarazi dionez, 2017. urtean zehar Guardia Zibilak guztira 943 errepide kontrol egin zituen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

2017an Hego Euskal Herrian batez beste 2,6 errepide kontrol egin zituen Guardia Zibilak eguneko. Kontrol gehien urtarrilean egin zituen, 196 guztira, ekain eta uztailekoak baino bi aldiz gehiago eta abuztutik aurrerakoak baino dezente gehiago. Espainiako Segurtasun Indarrek Hego Euskal Herriko errepideetan egiten dituzten kontrolak amaitzeko garaia dela uste du EH Bilduk.

Iragan urtarrilaren 31n Guardia Zibilaren kontrol batek Argantzunen eragindako istripuaz galdetuta, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orotara 539 kontrol egin zituela iaz eta Nafarroan, 404. Kontrola jarri eta gutxira gertatu zen ezbeharra, Argantzungo irteera biribilgunetik gertu, N-1 autobidean, kaltetuen artean hiru auto, kamioi bat eta hainbat zauritu utzita. Lekukoen arabera, istripua gertatu bezain pronto kontrola kendu zuen Guardia Zibilak.

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak berehalako azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta galdera sorta bat erregistratu zuen gobernuak istripuari buruzko xehetasunak idatziz eman zitzan. “Beharrezko segurtasun neurriak hartzen al ditu Guardia Zibilak arrisku egoerak saihestu eta gidariek errepideetako kontrolak erraz ikus ditzaten? Zer dela-eta jarri zuen kontrola toki jakin horretan?”, galdetu zion diputatuak gobernuari.

Pedro Sanchez buru duen gobernuak erantzun dio kokapen, ikusgarritasun eta egoera “aproposean” ezarri zutela kontrola, nahiz eta onartu duen Guardia Zibilak zaurituak artatzeko asmoz utzi zuela bertan behera kontrola istripua gertatu eta berehala. Bide berean, Espainiako Gobernuak argudiatu du haxix trafikoaren aurkako ikerketaren parte zela Argantzungo kontrola, eta gaineratu du Guardia Zibilaren kontrol “guztietan” errepideko segurtasuna lehenesten dutela, “zirkulazioa arriskuan jarri gabe”.

@ehbilducongreso