Espainiako Defentsa Ministerioak Iruñeko erasotzaile taldeko militarrari lan eginkizunetarako ezarri zion etena indargabetu diola jakin ostean, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu du Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuak gaiari buruzko “ezinbesteko” azalpenak eman ditzan. “Egia al da Defentsa Ministerioak oniritzia eman diola Alfonso Jesus Cabezuelo militarrari armadara bueltatzeko baimena eman diola? Zein da arrazoi zehatza?”, galdetu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.
Koalizio subiranistak uste du “gertaeren larritasuna” arrazoi nahikoa dela erasotzailea bere zereginetatik baztertzeko. “Ohikoa da horrela jokatzea gisa bereko kasuetan? Ez zaio iruditzen gobernuari bost erasotzaileek jaso dituzten zigorren aurrean eta gizartearen gehiengoak eginiko aldarrikapenen aurrean bestelako neurriak hartu beharko liratekeela?”.

Marian Beitialarrangoitiak zalantzan jarri du Espainiako Gobernuaren erabakia, eta militarraren aurkako epaia irmoa denean Espainiako armadatik botako duten susmorik ez du. EH Bilduko bozeramaileak, orobat, erasotzaile talde bereko Antonio Manuel Guerrero guardia zibilaren egoerari buruz galdetu dio gobernuari, biei lan eginkizunak eten arren, Cabezueloren kasuan soilik egin baitu atzera Defentsak. “Hark ere Guardia Zibilera itzultzeko aukera izango du? Irizpide bera jarraituko du gobernuak?”.

Ildo horretan, Beitialarrangoitiak kezkagarri deritzo Defentsa Ministerioaren erabakiari. EH Bilduko diputatuak gogoratu du espetxealdian zehar Guerrerok jarrera “erasokorra” izan duela bortxaketaren biktimaren aurka eta baldintzapean aske geratu bezain pronto pasaportea berritzen saiatu zela. Erasotzaileak atxilotu, Nafarroako Auzitegiaren zigorra jaso eta baldintzapeko askatasuna eskuratu arte zigortutako bost lagunen lan egoera zein izan den argitu nahi du EH Bilduk, aurkeztu dituen galderen bitartez.

@ehbilducongreso