Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna baliatuta, EH Bilduk azalpenak galdegin dizkio Espainiako Gobernuari asteon, ezustean, Donostiako autobus geltokian noraezean azaldu diren 46 migratzaile gazteen egoeraren inguruan. Koalizio subiranistak uste du errealitate horri behar bezala erreparatzeko “garaia” dela. Marian Beitialarrangoitia diputatuaren hitzetan, “ezinezkoa” da orain arteko errealitateari eustea: “Gugana bizimodu hobe baten bila datozen guztiak dira ongietorriak, guztiei eman beharko genieke aukera bat”.

Bide horretan, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak salatu du ongizate hori lortzeko bidean “ateak parez pare itxita eta heriotza” besterik ez dutela aurkitzen migratzaileek, eta ezinbestekotzat jo du hori ahalbidetzen duten politikekin amaitzea. “Sorterria utzi eta bidaia arriskutsuak hasten dituztenek bestelako tratu bat merezi dute”, nabarmendu du.

Tamalez, gisa horretako adibide askoren berri izan dugu azken boladan, azkena Donostian gertatu da aste honetan: 46 etorkin botata utzi zituzten Donostiako autobus geltokian, non zeuden, nora zihoazen, nork bidali zituen eta haiekin zer gertatuko zen jakin gabe. Beitialarrangoitiak ohartarazi du ezin daitezkeela errepikatu horrelako kasuak, eta ildo horretan berehalako neurriak exijitu dizkio Pedro Sanchez buru duen gobernuari: “Argibideak eskatu dizkiogu Espainiako Gobernuari, errealitate gordin horri buruzko datuak eman ditzan eta azaldu dezan zer egiteko asmoa duen migrazio politika errotik aldatzeko”.

@ehbilducongreso