Espainiako Sustapen Ministerioak Miranda Ebro eta Logroño lotzeko proposatu dituen lau proiektuetatik bik Arabako Errioxako mahastiak zeharkatuko lituzketela jakin dugu azken hilabeteotan. AHTaren mehatxuak kezka betean sartu du Arabako Errioxa, eta ardogintzaren sektorea ere kezkatuta dago. Euskal Herriak gertutik ezagutzen ditu ‘Euskal Y’-aren (Urbina eta Aramaion utzitakoak, kasurako) orbain eta arrastoak, eta gizartea kritiko agertu da behin baino gehiagotan tren lasterraren azpiegiturak euskal lurraldeetan orain arte eragin dituen eta etorkizunean eragin ditzakeen gainkostuen aurrean.

Horiek horrela, gaur arratsaldeko 16:00etatik aurrera Kongresuko Sustapen Batzordean eztabaidatuko den legez besteko proposamenaren bitartez, EH Bilduk Espainiako Gobernuari exijituko dio errespeta ditzala Arabako lurraldearen berezitasunak eta erabat baztertu dezala Miranda Ebro eta Logroño AHTarekin batzeko asmoz eginiko proposamena, Arabako Errioxa gurutzatzeko egitasmoa alde batera utzita.

Oskar Matute diputatuak salatu du Sustapen Ministerioak buruan duen proiektuak kolokan jartzen duela Arabako Errioxako ekosistema soziala, kulturala eta ekonomikoa. “Baita inguruko jasangarritasuna eta naturarekiko lotura ere, kontuan hartuta Arabako zonalde berezi eta baliotsuenetakoa dela”. Matuteren hitzetan, Espainiako Gobernuaren asmoek aurrera egiten badute, “inork behar eta eskatu ez duen azpiegitura baten akuilu bihurtuko litzateke Arabako Errioxa”.

@ehbilducongreso