Berriki PPk, PSOEk eta Ciudadanosek 1978ko sanferminetako gertaerei buruzko agiriak desklasifikatzeko legez besteko proposamena atzera bota ondoren, Espainiako Gobernuak dio erregistroan ez dagoela arrastorik orduko Barne ministro Martin Villak Kongresuan aipatutako txosten polizialari buruz.
1978ko uztailaren 19an, Kongresuko Barne Batzordean eginiko agerraldian, manifestarien aurka jotzeko agindua eman zuten polizien gain utzi zuen erantzukizuna Villak, eta akatstzat jo zuen gertaturikoa. Egun horietan Euskal Herrian antolatutako mobilizazioei ere leporatu zien gertatutakoaren ardura. German Rodriguez gaztearen kontra tiro nork egin zuen jakiteko, alderdiek behin eta berriz eskatu zizkioten Villari txosten polizialari buruzko xehetasunak, baina entzungor egin zien, txostena existitzen zela onartu eta kasua ikertuko zuela esanda ere.
EH Bilduk, Unidos Podemosek, ERCk, Compromisek, EAJk eta PdeCATek eginiko informazio eskaria esaldi hutsal batekin kendu du gainetik Espainiako Gobernuak, eta argudio faltsuak erabili ditu erregistroetan txosten horri buruzko berririk ez dagoela esanez. EH Bilduk argitu du existitzen dela eskatutako dokumentazioa, Barne Ministerioak badaukala, 1978ko batzorde horretan parte hartu zuten talde parlamentario guztiei banatu baitzitzaien. Igorritako agiriak, aktak, erantzuleen identifikazioak, poliziek jasotako aginduak edota irekitako barne espedienteak gaur-gaurkoz ez dira publikoak eta zigorgabetasuna elikatzen jarraitzen dute. Zergatik ezkutatzen dituzte?
Indar subiranistaren hitzetan, Espainiako Gobernua are ageriago gelditu da. Talde parlamentarioei emandako erantzunak begi bistan utzi du Estatuak ez duela inolako borondaterik 1978ko sanferminetan gertaturikoa argitzeko. Horren erakusle da Espainiako Poliziak German Rodriguez iruindarra hil zuenetik 40 urtera oraindik ere inork ez duela erantzukizunik hartu eta martxan jarritako sumario guzti-guztiak artxibatu egin dituztela. “German Rodriguezen familiak egia jakiteko eskubidea du”, nabarmendu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.

@ehbilducongreso