Espainiako Gobernuak aurkeztu berri dituen aurrekontuen izaera murriztailea gaitzetsi du Marian Beitialarrangoitiak: “PPren aurrekontuek eskubide sozialak murrizten jarraituko dute”. EH Bilduko diputatuaren hitzetan, Espainiako Gobernuaren eta gaur-gaurkoz aurrekontuak sostengatuko dituen Ciudadanosen aldetik “ez dago inolako borondaterik urteetako murrizketetan atzera egiteko eta eskubide sozialetan aurrerapausoak emateko”. Beitialarrangoitia kexu agertu da, besteak beste, pentsioen %0,25eko igoera negargarriari eutsiko diolako PPren gobernuak, “asteotan milaka herritarrek kalean besterik eskatuta ere”.

Kataluniako egoerak ere eragin zitala du aurrekontuen aurkako jarrera agertzerako orduan. “155aren aurrekontuak dira, eskubide zibil eta politikoen aurkakoak. Euskal Herria eta Katalunia aitortzen ez dituen Gobernu eta jarduera baten aurrekontuak, finean”, salatu du Beitialarrangoitiak. Halaber, EH Bilduko bozeramaileak iragarri du aurrekontuak sakon aztertuko dituztela “zehatz-mehatz zergatietan sakondu eta zuzenketak aurkezteko”.

@ehbilducongreso