EH Bilduren aburuz, gaurko atxiloketek eskubide politiko eta sozialak urratzen dituzte. "Atzerapausoa" dira euskal gizartearen gehiengo sozial eta politikoak aldarrikatzen duen elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan. Marian Beitialarrangoitia diputatuaren hitzetan, "jazarpen politikorako eta kriminalizaziorako" bide asko eskaintzen dituzte legeek, baina, era berean, "justiziarako eta erreparaziorako ateak parez pare ixten dizkiete frankismoko biktimei". "Gaur egungo Zigor Kodeak frankismo garaikoak baino berme gutxiago ditu", azaldu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak.

Testuinguru horretan, Beitialarrangoitiak iragarri du terrorismoa goratzearekin lotutako artikulua Zigor Kodetik bertan behera uztea eskatuko duela EH Bilduk, gisa honetako atxiloketa gehiago saihesteko. "Artikulu hori eskuan, Zigor Kodea modu neurrigabean erabiltzen ari dira jazarpen politikorako sektore jakinen kontra eginda", salatu du. Horren harira, atxilotutako pertsonak berehala aske uztea exijitu du indar subiranistak, Madrilgo gobernuaren “jazarpen politikoaren” amaiera galdegitearekin batera: "Espainiako Estatuak beste behin urratu ditu eskubide zibil eta politikoak".

EH Bilduk, halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egiten die gaurko atxiloketak irmo sala ditzaten, euskal gizartearen gehiengo sozial eta politikoak aldarrikatzen duen elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan “atzerapausoa” direla iritzita. "Modu larrian urratzen dituzte euskal herritarren eskubideak".

@ehbilducongreso