EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak interpelazioa egin dio Mariano Rajoyri pentsioei buruzko Kongresuko saio monografikoan eta gogorarazi «haserreak, muturreko egoerak, eros ahalmenaren galera etengabeak eta etorkizuneko aurreikuspen beltzek» atera dituztela kalera milaka pentsiodun. «Ez soilik %0,25eko igoera negargarriaren eraginez».


Beitialarrangoitiaren arabera, konponbidea transferentzia huts batetik harago doa. Azaldu du gakoa euskal gizarteari babes sistema eta Gizarte Segurantza propioa ziurtatuko dizkioten ezinbesteko erremintak eskuratzea dela, azken finean gutxieneko 1.080 euroko gutxieneko pentsio duinak bermatzea baita helburua. «Instrumentu guztiak behar ditugu sistema propio horrek nahikoa baliabide izan ditzan. Madrili eta egungo sistemari lotuta jarraitzeak gaurko eta biharko pentsiodunen pobrezia betikotzea besterik ez dakar».
Ildo horretan, Rajoyren proposamenik eza salatu du Beitialarrangoitiak eta Espainiako gobernuburuari galdegin dio hitzetatik ekintzetara igaro dadila pentsio duinak berma ditzan. «Hitz politek ez dute jaten ematen, Rajoy jauna. Ez dute balio pentsiodunei merezi duten duintasuna eta aitorpena emateko. PP eta haren politikak dira sistemaren arrisku nagusiak».


EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak uste du «lehenbizi PPk eta ondoren PSOEk» pentsioak murrizteko erreforma sakonak egin dituztela azken urteotan krisi ekonomikoaren aitzakiapean. «Egoera koiuntural bat erabili dute, neurri estrukturalak eta epe luzekoak hartzeko. Jubilaziora iristeko urte gehiagoz egin beharko dugu lan, pentsioaren oinarria txikiagoa izango da eta gutxiago kobratuko dugu. Geroz eta gehiago bizi arren, pobreagoak izango gara».


Indar subiranistaren ordezkariak erantsi du egoera honen jatorria ez dagoela soilik lan arloko politika kaskarretan. «Pentsioak ordaintzeko izan ezik, beste kontu askotarako erabili da erreserben funtsa: bankuak erreskatatzeko, zor publikoa txikitzeko…». Funts pribatuen mesedetan, sistema publikoa eraitsi nahi izatea leporatu dio EH Bilduko bozeramaileak PPri: «Pentsio pribatuen planak sustatzen dituzte. Horretarako ari dira sistema publikoa husten».

@ehbilducongreso