Mozal Legearen aurka osoko zuzenketa bat aurkezten lehena izan zen EH Bildu joan den irailean, legearen izaera “irauli” eta herritarren giza eskubideak bermatzeko asmoz. Egungo legearen zama errepresibotik erabat aldenduta, EH Bilduk estatu mailako lege baten harira testu alternatibodun osoko zuzenketa bat aurkezten zuen lehenbiziko aldia izan zen ordukoa. Helburua “abiapuntu hobea” sortzea zen legearen indargabetzea babesten duten indar politikoen gehiengoarekin bat joan zedin amaierako testua. Kongresuak, halere, atzera bota zuen EH Bilduk eginiko proposamena.

EH Bilduren bozeramaile Marian Beitialarrangoitiak azaldu duenez, gaur-gaurkoz Mozal Legea indargabetzeko modu praktiko eta eraginkorrena “zama errepresiboa kentzea da lege berri bat egiteko”. Muinean du arazoa legeak, EH Bilduko diputatuaren hitzetan: “Legearen funtsezko elementua izaera errepresiboa izan beharrean, eskubide zibilak defendatzeko izaera izan beharko litzateke”. Beitialarrangoitiaren ustez, Espainiako Gobernuak “Mozal Legearen gisako legeak erabiltzen ditu salbuespen egoerak betikotu eta oinarrizko eskubideak urratzeko”.

Ildo horretan, diputatuak gehitu du “legea erreformatu beharrean komenigarriagoa dela legea bera edukiz hustea eta indargabetzea”. EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketa partzialak, hain justu ere, bide horretan doaz. Beitialarrangoitiaren aburuz, legeak ordenamendu juridikoko zenbait printzipio urratzen ditu. “Biltzeko eta protesta egiteko eskubideari atxikita, arrazoi sozial edo politikoengatik kalean kontrako iritziak aldarrikatu nahi dituzten herritarrak kontrolatzea eta zigortzea du helburu legeak. Autoritatearen jaun eta jabe bihurtu dira poliziak, eta badirudi eztabaidaezinak direla haien erabakiak”.

Legearen berebiziko garrantziak eta ezarpenak Euskal Herrian duen eraginak bultzatuta, EH Bilduk premiazkotzat du legea indargabetzeko bidean pauso irmoak ematen jarraitzea. Hori dela eta aurkeztu ditu orain Mozal Legearen aurkako zuzenketak. Indar subiranistaren asmoa legearen egungo norabidea aldatzea da, indarra adierazpen askatasunean eta eskubideen gauzatzean jarrita, ez horien murrizketan.

@ehbilducongreso